GARA
IRUÑEA

Kanaki Filmsen «begirada gizatiarra» eskertzeko, Vianako Printzea saria

Kanaki Films ekoiztetxeak jasoko du 2025eko Vianako Printzea saria, mundu mailan gertatzen diren giza eskubideen urratzeak «begirada gizatiar eta enpatikoaz» gizarteratzeagatik. ‘‘Minerita’’, ‘‘Beste egun bat bizirik’’ edo ‘‘Los Williams’’ lanen sortzaile Amaia Remirezek eta Raul de la Fuentek ekainaren 14an Erriberrin jasoko dute saria. Talentu Artistikoaren Sustapenerako Sariaren irabazlea, aldiz, Ane Sagues Abad aktorea da.

Amaia Remirez eta Raul de la Fuente, Goya sariak eskuetan.
Amaia Remirez eta Raul de la Fuente, Goya sariak eskuetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kanaki Films ekoiztetxe nafarrak jasoko du 2025. urteko Vianako Printzea saria, «dokumentalaren bidez munduan izandako eskubideen urraketen giza begirada eta begirada enpatikoa eskaintzeagatik, ikusteko eta kontatzeko deserosoenak diren errealitateak irudiekin kontatzeko duen modu bakarragatik eta nazioarteko merkatu eta jaialdietara proiektu dokumentalak aurkezteko duten erabakiarengatik», Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak adierazi duenez.

De la Fuentek eta Remirezek bi hamarkadako ibilbidea egin dute dokumentalgintzen arloan, eta urte horietan ikus-entzunezko proiektu «asmo handiko, sortzaile eta sozialki kontzienteetan» parte hartzeagatik nabarmendu direla ere gogora ekarri du: «Zinemagintza ibilbide arrakastatsua dute mundu osoko jaialdi ospetsuenetan».

Sariak 20.000 euroko diru saria du eta Kanaki Filmsen sortzaile taldeari, Raul de la Fuenteri eta Amaia Remirezi emango zaie, Erriberriko Errege Jauregian, ekainaren 14an.

ZINEMA SOZIALA

Raul de la Fuente zinema zuzendariak (Iruñea, 1974) eta Amaia Remirez ekoizleak (Iruñea, 1982) 2009an sortu zuten Kanaki Films, Kaledonia Berriko kanak hizkuntzatik «gizakia» esan nahi duen terminoa mailegatuta. Giza eskubideen urraketa ezberdinak agerian uzten dituzten gizarte gaiei buruzko dokumentalak filmatzen aritu dira bi hamarkadaz, eta film labur dokumental onenaren bi Goya sari eta bi Oscarren aurreselekzio irabazi dituzte. Pantailaratu duten azken lana ‘‘Los Williams’’ (2024) izan da, Athletic Clubeko Iñaki eta Nico Williams futbolarien gaineko kontakizuna. Lan honetan euren dokumentalgintzan nagusiak diren atakei heltzen diete, hala nola integrazioa, identitatea, sustraiak edo kultura aniztasuna. Kanaki Films zigilupean pantailaratu dituzten lan esanguratsuenen artean daude ‘‘Maldita’’ (2023), Bozo Vreco artista bosniar iraultzailearen gaineko lana, Remirezen zuzendaritzapeko lehen lana eta film labur dokumental onenaren Goya irabazi zuena; ‘‘El infierno’’ (2020), Sierra Leonako Freetowneko Pademba espetxean filmatua; Ryszard Kapuscinski kazetariaren bizipenetan oinarritutako ‘‘Beste egun bat bizirik’’ (2018), animaziozko film luze onenaren Goya irabazteaz gainera Oscar sarietarako hautagaien artean sailkatu zena; Beninen lan esplotaziorako haurren salerosketaren gaineko ‘‘I’m Not for Sale’’ (2015) edota ‘‘Minerita’’ (2013), Boliviako Potosiko Cerro Ricoko meategietan emakumeen eta nesken lana erakusten duena (film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi zuen).

Era berean, ezagutarazi dute Talentu Artistikoaren Sustapenerako Sariaren irabazlea Ane Sagues Abad (Etxauri, 1998) aktorea izan dela. Sari hori 30 urtetik beherakoei zuzenduta dago, eta seigarren edizioa da aurtengoa. Epaimahaiak balioa eman dio arte eszenikoetan duen formazio eta lengoaia abangoardista eta garaikideengatik egiten duen hautua, baita gai korapilatsuak lantzeko duen ausardia ere.