Konponbideei garaiz kanpoko trabarik ez
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) 2013ko ekainean aditzera eman zuen gatazkaren ondorioekin amaitzeko ordua zela eta iheslariek euren alea jartzeko prest zeudela. Alegia, etxera itzultzeko puntuan zeudela. Ekitaldi publikoa izan zen Biarritzen egindakoa, Estatu frantseseko senatari bat eta bi diputatu egon ziren, besteak beste. Egun argiz eta entzun nahi izan zuten guztientzat egin zuten ekarpena, Euskal Herrian garai berri bat irekitzen ari zen iragan hurbil hartan. Hamabi urte geroago, iheslarien itzulera prozesua azkenetan dagoela eta Iratxe Sorzabalen sententzia historikoa argitaratu eta gutxira, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere izaera berretsi nahian-edo, diligentziak ireki ditu EIPKko sei ordezkariren aurka, eta astelehenean deklaratzera deitu ditu.
Mendeku gosea eta konpentsazio ariketa elkartzen dituen erabakia lekuz kanpo dagoela esatea gutxi da. Nahikoa da diligentzien abiapuntua zein den ikustea: 1999 eta 2010 urteen artean ETAri atzemandako dokumentuak dira kasuaren oinarria. Alegia, 2011n ekintza armatuak uzteko erabakiaren aurreko paperak erabili nahi dituzte, mende laurden beranduago gertatutakoak judizializatzeko. Ez bakarrik hori, ikerketa prospektibo honekin, instrukzio epaitegiak ebatzi nahi duena da 2013tik aurrera emandako pauso horiek ETAren agindupean eman ziren edo ez. Hau da, gatazkaren ondorioekin amaitu eta iheslariak konponbidearen parte bilakatzea ekarri zuten pausoak jomugan daude. Gatazkaren amaieraren aldeko ekimena da kriminalizatu nahi dutena. Ez da lehenengo aldia Euskal Herrira bake puska bat ekartzeko ahaleginek epaitegi espainoletan bukatzen dutela, baina gaur egun horretan jarraitzea obsesio mendekati batek soilik azaldu dezake.
Gatazkaren ondorioen artean, fokuetatik kanpo asko sufritu duen katebegia dira iheslariak. Gerra zikina, desagerpenak eta heriotzak jasan dituzte, ahanzturarekin batera. Hala izanda ere, oztopo guztien gainetik konponbiderako subjektuak izan dira. Iheslariak ez bezala, epaileek ez badute konponbidearen parte izan nahi, bakean utzi eta egin nahi duenari egiten uztea da eska daitekeen gutxienekoa.

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Gaztetxo frankistak, lotsagabe

Alzórriz ve a Cerdán indefendible en la intervención más difícil de su vida
