«Mamu bat dabil Europan zehar...»
Bere garaian, Marxek kapitalismoa unibertsal bihurtzen ari zela aldarrikatu zuen eta, are gehiago, unibertsalizazio hori geldiezina zela esaten zuen, historia eta subjektu politiko eraldatzaileak bereganatzeko zuen gaitasunagatik. Ildo horretan, marxismoak nazionalismoa, orduko subjektu politiko eraldatzailea, erlijioa bezala, kapitalismoak bere aurrerabidean desagerraraziko zuen fenomenoa izango zela aldarrikatu zuen. Erlijioak, ordea, bizitzarako ereduak eta adibideak ematen ditu, eta haien zergatiak azaldu. Egiptoarrek eta greziarrek ez zuten bekatu hitza ezagutu ere egiten, nonbait, hori mendebaldean juduen monoteismoarekin batera hasi baitzen hedatzen, eta ekialdean, berriz, konfuzianismoarekin bat eginik. Politeismoak besteen jainkoen begirunea zekarren bitartean, monoteismoak besteekiko intolerantzia eta, beraz, xenofobia ere ekarri zuen. Areago ekonomia Jaungoiko bakarrari zor diogu. Kultura polinesiarretan, adibidez, gastua aurrezkia baino gehiago izaten da, balio gorena oparia eta dohaintza baitziren, muga ahalik handienetaraino eramana.
Hau da, erlijioa mota ezberdinak dauden bezala, nazionalismo mota ezberdinak ere egon badaude. Izan ere, nazionalismo inperialista eta askapen nazionalismoak ez baitira berdinak, baina, gaur egun, Marxen sasoian ez bezala, globalizazio garai honetan, proletargoa, oro har, edo, tokian tokiko askapen nazio mugimenduak munduko bizimodua eraldatzeko gauza izan daitezke? Edota beste mota bateko aldarrikapenak, feminismoa edo ekologiaren aldeko aldarrikapenak, kasu, behar diren subjektu politiko iraultzaileak izango dira hemendik aurrera?
Egia esanda, mundu berri bat ekarriko duen borrokak osagai ezberdinak izango ditu, baina nik, orain bederen, ohikoa ez den osagai haietako batzuei kasu egin nahi diet: turistifikazioaren kontrako ekinbideei, alegia.
Dakigunez, Estatu kapitalistaren teoria modernoaren eta haren aurkako borrokaren kontzeptu nagusi guztiak sekularizatutako kontzeptu teologikoak dira, baina turistifikazioaren aurkako mugimendua, aldiz, funtsean, materialista bezain pragmatikoa da. Turismoak berez suntsitzen du berau sortu duena, eta tragikoa den paradoxa honek horri buruz pentsarazi beharko ligukeen fenomenoa da. Turismoa industria garrantzitsu bihurtu da globalizazio garaiotan baina, oso kutsakorra denez, kalte handia ekarri du objektiboki. Turismo masiboak bizilagunak etxetik botatzen ditu, beharrezko baliabideak xahutzen ditu, auzoko kulturak ezabatzen ditu, tokiko merkataritza hiltzen du, prezioak handitzen ditu, lan prekarioa sortzen du, eta ondarea suntsitu.
Turistifikazioa, berez, azelerazio prozesu bat da, non irabazkinen pilaketa bilatzen den. Turismoak sortzen duen dirua izugarri handitzen bada ere, haren banaketa ez da neurri berean egiten, eta horrek erakusten du prozedura azeleratu horren perbertsioa.
Horrela, komunismoa kapitalismoaren ukaziotik definitzen den bezala, eta askapen-nazionalismoa inperialismo kolonizatzailearen ukaziotik subjektu iraultzaile gisa birdefinitzen den moduan, turistifikazioaren ukapena, era berean, desira merkantzian bihurtzeari uko egitea da, gertukoa birbaloratzea eta herritarrek kudeaketarako eskubidea berreskuratzea da enpresa global handien eta haien estatu «morroien» aurrean.
Beraz, Marxek aipatzen zuen unibertsalizazio hartatik eratorritako dialektikak ekarri duen gizarte-eraldaketako subjektu berriaz ari gara.

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Gaztetxo frankistak, lotsagabe

Alzórriz ve a Cerdán indefendible en la intervención más difícil de su vida
