Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Soline Kentzelek harreman estua du «The Nose» ikonikoarekin

23 urteko eskalatzaile frantziarrak hiru egun eta erdi behar izan ditu Kapitaineko ibilbide hori bakarkako estiloan igotzeko. Gazte frantziarrak dio jarduerak ez diola asko eskatu, baina buruarentzat eskarmentu berri sendoa izan dela.

Soline Kentzel «The Nose» bidean, bakarkako estiloan eskalatzen.
Soline Kentzel «The Nose» bidean, bakarkako estiloan eskalatzen. (Seb Berthe)

«Hormatzar tente hau bakar-bakarrik eskalatu dut; ia ezinezkoa egiten zait sinistea. Pozarren egoteaz gain, oso eskertua nago asko inspiratzen ninduen jarduera garrantzitsu hau egin izanagatik. Pozik nago mentalitate oso irekia izan dudalako ere, batez ere errendimenduari dagokionez. Eskalada zeharo ezberdina izan da, eta ez nekien gai izango ote nintzen bide hori igotzeko. Bide batez, inspiratzen nauten emakumezko eskalatzaileak eskertu nahi ditut, besteak beste, Silvia Vidal. Katalanak idatzitako “Valley of Giants” testuak amets egitera eraman nau Kapitaineko eskarmentu horretan».

Adierazpen horiek Soline Kentzelek bere sare sozialetan egin zituen Kapitaineko “The Nose” bide (900 m, 8b+ edo 5.9 C1) ikonikoa bakarkako estiloan eskalatu ondoren. 23 urteko frantziarrak hiru egun eta erdiko eskaladan biribildu zuen marra hori. Gaztea da, bai, baina oso ibilbide ederra egiten ari da, batez ere eskalada tradizionalean. Duela pare bat urte, Kapitainen bertan, gai izan zen “Golden Gate (1.000 m, 8a) igotzeko. Ezin du aipatu gabe utzi Annoten (Frantziar estatua) “Le Voyage” (8b+) sinatu zuela iazko udaran. Eskalatzaile bikaina izateaz gain, politikarekin, ekologismoarekin eta feminismoarekin lotuta dago. Eta eskaladetan maiz egin ditu aldarrikapen politikoak.

“The Nose”-n egin duen bakarkako bidaiari buruz, Kentzelek GARAri adierazi dio marra horrekin harreman estua duela: «Duela hiru urte, kide batekin eskalatu nuen; gure lehen hormatzarra izan zen. Bidearen erdian leher eginda geunden; buruz zein sasoiz. Ondoren, Sebekin (Berthe) egun batean (10 ordu) igo nuen. Duela hiru urteko eskarmentuarekin alderatuta, erabat ezberdina izan zen. Ezusteko ederra hartu nuen eskalada horretan nire gorputzak bikain erantzun zuelako. Igoera horren ondoren, murru luzeetan progresatzeko nire gaitasuna sendotu zen: librean zein artifizialean. Azken eskalada hori egin baino egun batzuk lehenago, bakarkako estiloaren teknika ikasi nuen. Balizko arriskuei buruz informatu nintzen, segurtasunez jardun ahal izateko. Eta dena primeran atera zen. Egun batzuk beranduago, berriro Sebekin, 6 ordu eta 9 minutuko igoera azkarra egin nuen».

Bakarkako eskalada horri dagokionez, lehen eguna ez zen erosoa izan. Haizete gogorrak astinduta, kosta egin zitzaion kontzentratzea. Halere, lasaitasunari eutsi zion. Ohartu zen estilo horretan pareta bat igotzeak asko eskatzen duela: «Ez dago atseden hartzeko betarik. Une oro lanean ari zara eta erabat kontzentratuta egotera behartzen zaitu. Halere, onartu behar dut eite hori, kontzentrazioarena, eskaladaren alde faboritoa dudala. Gaua heldu baino lehen, bibakera heldu nintzen. Nekatuta nengoen, baina ezin nuen lorik hartu; nire burua aktibo zegoen».

Bigarren egunean kosta egin zitzaion berriro eraginkorra izatea. Soka talde batek transmititutako energia jaso omen zuen, eta Sabai Handia izeneko luzea bikain gainditu zuen: «Une jakin horretan banekien gailurrera helduko nintzela. Bosgarren kanpalekura iritsi nintzen hamabost orduko lanaren ondoren».

Azken egunean egoera berezia bizi izan zuen. Kentzelek dio diskoteka batean igarotako gau bat bezala izan zela. Horrez gain, gosariaren ostean ia oka egin zuen: «Egun hori gogaikarria izan zen. Berez, eskalada lasaia eta dibertigarria izan zen. Baina haren inguruan egiten diren lan eta maniobra guztien ondorioz, oso nekatuta nengoen. Tontorrean, espero nuen poztasunik ez zen azaldu; ez nuen ezer sentitu. Nire burua oso nekatuta zegoen; oraindik emozioen tartea ez zen zabaldu».

ESKARMENTUA

Gaur egun “The Nose” bakarka eskalatzea ez da lehen lerroko albistea, baina aurreratu dugu frantziarra oso gaztea dela, eta izaera horretako apustua egitea ez da batere ohikoa eskalatzaile garaikideen artean. Horregatik esan digu, arestian aipatu ditugun eskaladekin alderatuta, azken hau fisikoki ez dela hain zorrotza izan: «Alabaina, nire buruarentzat oso ezberdina izan da. Konfort eremutik ateratzera behartu nau; agian, inork ez zuen espero gazte europar batek estilo horretan igoera hori egitea. Silvia Vidalek inspiratu ninduen, eta proiektu hau barru-barruko motibazio pertsonal batetik sortu zen. Hasi aurretik ez nekien bide hau bakarka eskalatu edo Kapitainen marra bat era askean egiten saiatu. Nahiz eta jakin ez zutela asko baloratuko, “The Nose”-n sartu nintzen, une jakin horretan niretzat zentzu handia zuelako. Bene-benetan esango dizut: nire burua erronka zailagoetan ikusten nuen, horma horretan bakarkako eskalada bat egin baino lehen. Etorkizunari begira, nire gaitasunak sendotzeko zer edo zer berria egin nahi nuen. Nire gaitasun mentalak, teknikoak eta praktikoak aurreratuak direla baieztatzeko. Hitz batean esanda, igoera honek niretzat muturreko sinbolismoa du».

“The Nose”-n izan duen bidaia berezia alde batera utziz, eskalatzaile gazte horrek dituen motibazioen inguruan pixka bat arakatu nahi izan dugu. Eskalada tradizionalarekin oso harrapatuta ikusten dugunez, galdetu diogu estilo horrek zer eskaintzen dion. Hona hemen erantzuna: «Eskaladak dituen alderdi guztiak gustuko ditut, baina tradizionala da gehien motibatzen nauena. Batez ere, mentalki eta teknikoki zailena delako. Honek guztiak analisi, kontrol eta konfiantza gaitasun itzela eskatzen du. Eta dena lerrokatzen denean, sentsazioak magikoak izaten dira. Erabat bete egiten nau, eta harro sentitzera eramaten; izan ere, konfort-eremutik atertzen naiz eta nire beldur guztiak gainditzen eta menderatzen ditut. Kareharria ez bezala, granitoa askoz ere instintiboagoa da. Arrokak beti ezustean harrapatzen gaitu; sormen lan handia eskatzen du!».

Aipatu dugun bezala, Kentzel oso lotuta dago politikarekin, ekologiarekin eta feminismoarekin. Hots, eskalada eta aktibismoa uztartzen ditu. Hori egiten gaur egun munduan oso eskalatzaile ezagun gutxi ari dira. Gogoratu diogu izaera horretako planteamenduak eskalatzaile batzuek ez dituztela begi onez ikusten. 23 urteko eskalatzaileak esan digu bere burua ez duela erabat aktibistatzat hartzen eta eskalatzaile horien jarrera ez duela ulertzen: «Gustuko dut niretzat garrantzitsuak diren gai batzuk partekatzea. Eta uste dut komunitatea interesatua dagoela. Horregatik, niretzat oso naturala da gai politikoak azaleratzea. Batzuetan hedabideek eskaintzen dizkidaten tarteak aprobetxatzen ditut jendeari gogoratzeko eskalada aktibitate ederra dela. Kirol honen sustraiak testuinguru politikoarekin, sozialarekin, kulturalarekin eta ingurumenarekin txertatuta daude. Eta gai horiek guztiek arduratu behar gaituzte. Boladak ditut. Batzuetan militantziarekin lotuta nago; beste batzuetan, aldiz, nire bizitzarekin eta eskaladarekin. Denbora luzez eskaladarekin kontzentratuta nagoenean, maiz zentzua galtzen dut, eta beharra sentitzen dut borroka kolektibo batean parte hartzeko. Konbinazio hau oso hauskorra da: aktibismoak zein maila handiko aktibitate batek grina eta inbertsio handia eskatzen dute. Horregatik, beharrezkoa da bati edo besteari lehentasuna ematea. Politika eta eskalada ez nahastearen kontu hori hipokrisia hutsa da. Ze zentzu du eskalatzeak gure lurrak lantzeko oso kutsatuta daudenean? Norekin eskalatuko dugu hedabide boteretsuak eta eskuin muturreko alderdiak herritarren artean gorrotoa bultzatzen ari direnean? Nola entretenitu gaitezke gobernu ezberdinak giza eskubideak suntsitzen ari direnean eta estatu genozida bat babesten ari direnean?».