GARA
GIROA 2025

Etapa Van Aertentzat; arrosa Del Tororentzat

Van Aert, garaile, Del Tororen aurretik.
Van Aert, garaile, Del Tororen aurretik. (Luca BETTINI | AFP)

Giroko 9. etapa Toscanatik igaro zen atzo, “sterrato” deritzon 30 kilometroko zona batetik. Ikuskizuna ziurtatuta zegoen, baina horri Wout Van Aerten bertsiorik onena gehitzen badiogu, orduan emaitza bikaina eta itzela da. Visma taldeko txirrindulariak sekulako garaipena erdietsi zuen, Giroan lortu duen lehena, eta ihesaldian ondoan izan zuen Isaac del Torok beste sari potolo bat eskuratu zuen: Giroko lehen lider mexikarra bihurtu da.

Etapa garaipena bakarrik falta izan zitzaion Del Torori, atzo etxean aritu zen Diego Ulissi (Astana) italiarrari maillot arrosa kendu ostean. Mexikarrak hankaz gora ipini zuen etapa kaotikoa. “Sterrato”-aren lehen erdian lurrera joan zen Primoz Roglic (Red Bull), Giroa irabazteko faborito bat. Ez zen larria izan, baina ondoren beste ezusteko bat izan zuen; gurpila pitzatu zitzaion helmugarako 50 kilometroren faltan. Jokoz kanpo geratu zen.

Etaparen hasieran ihesaldia osatu zuten zenbait gizonek: Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck), Quinten Hermans (Alpecin), Milan Fretin (Cofidis), Dries De Bondt (Decathlon), Taco Van der Hoorn (Intermarche) eta Luke Lamperti. Baina abentura goiz amaitu zen. Horien lekukoa hartu zuten sasoi oso onera bueltatu den Egan Bernalek eta Brandon Riverak (Ineos), Van Aertek eta Del Torok.

AZKEN GUDA SIENAN

Roglicen erorikoa ikusita, indar guztiak jarri zituzten helmugara iritsi ahal izateko. Eta mexikarra oso indartsu agertu zen. 20 kilometroren faltan, pedalkada indartu eta aurrera egin zuen, Van Aertekin batera.

Hala, elkarrekin harrizko galtzada duen Sienako kaleetara iritsi ziren. Bertan egundoko guda mantendu zuten biek. Azken malda ikaragarri gogorrean, bazirudien Del Toro indartsuago zebilela, baina nekearen zama sentitzen hasi eta Van Aertek ez zuen hutsik egin, Giroan lehen garaipena eskuratzeko. Mexikarrak, ordea, lidergoa eskuratu zuen, eta Ayuso taldekidea bigarren ipini da sailkapenean.