«Urdaibai museo bizia dela» gogorarazi zitzaion Guggenheimi
Museoen Nazioarteko Eguna zen atzo eta, hori aprobetxatuz, egun osoan zehar Guggenheim Urdaibai Stop! plataformako kideek informazioa zabaldu zuten Bilboko Guggenheim museora gerturatu ziren bisitari ugarien artean, «jendeak jakin dezan proiektu honek zer suposatzen duen», Eider Gotxi plataformako bozeramailearen hitzetan.

Jeff Koonsen Puppy eskultura loretsuaren inguruan, atzoko egun «tropikalaren» beroari aurre eginez, Museoen Nazioarteko Egunean Guggenheimera gerturatu zen bisitari sailari informazioa eskaini zioten Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren animaliez mozorroturiko aktibistek.
Eskuorri horietan, gaztelaniaz eta euskaraz, Busturialdea eskualdean kontrako iritzi beroak sortzen dituen museoaren proiektuaren xehetasunak irakur zitezkeen: erreserbaren nukleoan, Muruetan, jarri nahi dela museo batentzat eraikin berri bat, gune babestutik joango den pasabidea mapan marraztuta, 15.000 bisitari espero dituztela lau hilabetean...
«Inork ez digu esan museoaren proiektuaren alde dagoenik, interes handiarekin entzun gaituzte», esan zigun orriok zabaltzen ari zen Busturialdeko auzokide batek. «Kanpotarrei eta hemengoei eman diegu informazioa, eta galdetu digute zer ari den gertatzen». Jende mordoa ibili zen egun osoan Guggenheimen inguruan, Museoen Nazioarteko Egunean doan sartzeko aukera aprobetxatuz. «Bisitariek zer dioten? Ba, beraien herrialdeetan ere, adibidez Texasen, horrelakoak egiten ari direla», entzun genion protestara gerturatu zen eta nazioarteko hedabideentzat lan egiten duen kazetari bati.
Eider Gotxi, plataformaren bozeramaileak, han egotearen arrazoia zehaztu zuen: «Urdaibai museo bizia da eta hori aldarrikatzera etorri gara. Guretzat Urdaibaik ditu museo batek eduki behar dituen ezaugarri guztiak. Orduan, hona etorri gara, zeren museo hau da gure Urdaibain museoaren hedapen bat egin nahi duena. Hemen dauden bisitari guztiei esan nahi dieguna zera da: bisitatu ezazue hau, baina jakin ezazue, baita ere, museo honek zer egin nahi duen gure eskualdean. Informazioa ematea da gure helburua».
Maiatzaren 9an Miren Arzalluzekin, museoaren zuzendari berriarekin, hitzordua izan zuten. «Hauxe esan genion: museo honek zabaltzeko beharra badu, gu ez gara inor hedapen horri kontra egiteko, baina Urdaibaitik zilegitasun osoa daukagu esateko Urdaibai ez dela lekua -dio Eider Gotxik-. Museoa handitu egin nahi dute? Aurkitu dezatela leku egokia eta egiteko modu egokia, zeren eta hori ez zaigu egokia iruditzen: inposizioaren bidez egiten ari dira diru publikoarekin egingo den proiektu bat. Horrek gizarte osoari eragiten dio: Bizkaiari, Euskadiri eta, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak 40.000.000 euro jarri dituela kontuan edukita, Espainiari ere bai. Beraz, guztion ardura da hemen egiten ari direna».
Eguerdian, ehunka lagunek elkarretaratzea egin zuten, Puppyren ondoan. Oihu nagusi bat entzun zen: «Urdaibai ez da saltzen!». Ildo berean, “Guggenheim Urdaibai Ez!” leloa izango duen manifestaziorako deialdia egin du Ernaik: Gernikan izango da, ekainaren 13an, Merkuriotik hasita (20.00).

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
