«Aurreneko aldiak» izango ditu protagonista 86. Musika Hamabostaldiak
86. Musika Hamabostaldian lehen aldiak izango dira protagonista, Patrick Alfaya zuzendariak atzo aurreratu zuenez. Estreinako aldiz bisitatuko dute jaialdia Pariseko Operak eta Leipzigeko Gewandhausorchester-ek, eta, lehen aldiz, heavy metala entzungo da irekiera egunean, System of a Down-en musika interpretatuko baitute.

Aurreneko aldiz gainezka dator 86. Musika Hamabostaldia. Patrick Alfaya jaialdi donostiarraren zuzendariak atzo iragarri zuenez, lehen aldiz egingo diote ongietorria Pariseko Operari, Leipzigeko Gewandhausorchesterri eta Comunitat Valenciana-Palau de les Arts-eko Orkestrari, eta 74 kontzertu eta ikuskizunez osatutako programazioa Angelin Preljocaj balletak irekiko du abuztuaren 1ean, Ligeti, Mozart, Bach, Messiaen eta System of a Down heavy metal taldearen piezak biltzen dituen ‘‘Requiem(s)’’ proposamenarekin. Beraz, rockak ere lehen aldiz lekua izango du jaialdian.
Itxiera Gewandhausorchesterrek emango dio, hitzordu bikoitzarekin, Andris Nelsonsen gidaritzapean: abuztuaren 28an Hillary Hahn biolin-jotzailearekin eta 29an Donostiako Orfeoiarekin. Beste lehen aldi bat izango da Rafaela Carrasco koreografoarena ere, bere flamenkoa ekarriko baitu Victoria Eugeniako oholtzara, ‘‘Nocturna. Arquitectura del insomnio’’-ren bidez.
RAVELEN 150. URTEURRENA
Ravel jaio zeneko 150. urteurrena ere oroituko dute, Pariseko Orkestrak ‘‘Le Tombeau de Couperin’’, ‘‘Concierto para la mano izquierda’’ eta ‘‘La Valse’’ interpretatuko baititu, Thomas Ades zuzendari eta konpositorearen batutapean.
Hamabostaldiko ezagun Jordi Savall ere eraldatuta etorriko da, publikoa ganbera formatuan entzutera ohituta badago ere aurten bere bi talde handiekin ariko baita, Le Concert des Nations eta La Capella Nacional de Catalunya-rekin, Mendelssohn protagonista izango duen programa batean.
Proposamen nabarmenen artean dago Guridiren ‘‘Amaya’’ opera ere, kontzertu formatuan emango dena.
AHOTSEN ALDEKO APUSTUA
Jaialdiak ahotsen alde apustu egiten jarraituko du edizio honetan ere; horren lekuko, lehen aldiz Bersteinen ‘‘West Side Story’’, Euskadiko Orkestrak, Easo Abesbatzak eta Miren Urbieta-Vega, Caspar Singh, Henry Neill eta Nerea Berrando abeslariek eskainia.
Edizio honetako beste ahots bat Xabier Anduaga donostiarra izango da, jaioterrira itzuliko baita Metropolitam Operan, Royal Opera Housen, Bartzelonako Liceun eta Madrilgo Teatro Realen arrakastaz aritu ostean.
Donostian ikusi ahal izango da Mitsuko Uchida pianistaren kontzertua ere, baita ‘‘Nizugu’’ haur operaren estreinaldia ere, Easo Abesbatzaren eskutik.
Programazio osoa Musika Hamabostaldiaren webgunean kontsulta daiteke.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
