A. PAULUS-BASURCO eta A. IBARRA
Elkarrizketa
Kike Amonarriz
Soziolinguista, umorista eta aurkezlea

«Iruditzen zait azkeneko 10-15 urteetan geldialdi edo impasse batean gaudela»

Amonarrizek euskarak dituen egoeren bilana egin du: bidegurutzean da, geldialdiaren, gibelatzearen eta aitzinatzearen artean. Hortik ateratzeko, Euskaraldiaren garrantzia nabarmendu du “Kazeta” hedabideak eginiko elkarrizketa honetan.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskararen egoerari buruzko zein bilan egiten duzu Euskal Herri mailan?

Askotan defendatu dut egungo euskararen egoera bidegurutzearen irudiarekin. Hain zuzen, mende luzetako gibeleratze baten ondotik, joan den mendearen azken hamarkadetan biziberritze prozesu bat ezagutu genuen, intentsitate eta abiadura desberdinekin EAEn, Nafarroan edo Iparraldean, baina hiru lurraldeetan egon da biziberritze prozesua.

Iruditzen zait azkeneko 10-15 urteetan geldialdi edo impasse batean gaudela. Ezagutzan aitzinatzen ari gara. Erabilera sozialean, kalekoan, impasse batean gaude, eta azken urteetan beheranzko joera txiki bat ikusi dugu, hirietan edo inguru erdaldunenetan irabazten ari garelako eta herrietan edo leku euskaldunenetan galtzen ari garelako.

Gero, orokorrean, gehiago aitzinatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Orain arte, Nafarroan heren bat kontra eta beste heren bat alde zela esaten genuen, eta beste heren bat ez alde ez kontra. Duela gutxi Eusko Ikaskuntzak atera duen ikerketa batean datu horiek beste era batera irakurri dira, eta badirudi aldekotasuna handiagoa dela. Iparraldean, bada haur eta gazteei begira, hobekuntza nabarmena.

Euskal Herri osoari begira, jauzi baten beharra aipatzen dugu. Gizarte bezala aktibatzeko eta mugitzeko garaia da, eta erakundeek ere neurri berriak eta indartsuagoak hartzeko momentua da.

Nola ezaugarrituko zenuke euskararen erabilera soziala?

Lau urtean behin Euskal Herri osoan Soziolinguistika Klusterrak egiten duen kale erabileraren neurketen arabera, azkeneko bi neurketetan kopuru bera atera da: 12,6. Beraz, 1997an baino gehiago da, baina 2006an baino gutxiago. Bestalde, une honetan, Euskal Herri osoan, euskara gehien darabiltenak haurrak eta gazteak dira, eta hori datu positiboa da, esan nahi duelako badagoela biziberritzearen aldeko jarrera, eta hori ez da gertatzen Europako hizkuntza gutxitu gehienetan.

Egoera honetan, impasse-bidegurutze-indarraldi honetan, begirada jarri behar genuke bidegurutze honetatik indartuta ateratzeko moduetan. Hor bi alderdi landu behar ditugu, hau da, zein eskaintza dugun haurrei eta gazteei begira. Liburu eta literatura mailan eskaintza zabala dugu, kalitatezkoa eta ona, baina ikus-entzunezkoetan gure eskaintza mugatuagoa da. Gero badago beste esparru bat, non jokatzen dugun etorkizunaren zati handi bat, eta hori gure esku dago neurri handiagoan: aisialdia eta eskola orduz kanpoko jarduerak.

Bide horretan, zer nolako papera joka dezake Euskaraldiak?

Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat, ez da euskararen aldeko aldarrikapen bat. Hiztunen arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera praktikoa bultzatzeko ariketa bat da. Horrek konpromiso bat eskatzen du: ez da euskararen alde agertzea, euskaraz egitea da. Uste dut hor dagoela gakoa.

Lehen aipatzen nuen bidegurutzetik ateratzeko beharko ditugu legeak, politikak, baina batez ere beharko duguna euskaraz egiteko prest dagoen eta euskaraz gehiago egingo duen gizarte aktiboa da, eta Euskaraldia horretara dator, euskaraz egiteko ditugun aukera horiek baliatzera eta praktikara eramatera.