Ekieneak ingurumen baimena lortu du, eta 231.000 eguzki panel izango dira Armiñonen
Espainiako Gobernuak Ekienea eguzki parkearen Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena argitaratu du. 231.000 eguzki-panelek osatuko dute Armiñonen 170 hektarea okupatu dituen instalazioak.

Armiñonen aurreikusitako Ekienea eguzki parkearen ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu zuen atzo Estatu espainoleko Aldizkari Ofizialak.
Instalazio handi bat da, oso handia, 231.000 plaka fotovoltaikok osatua, 169,48 hektareako azaleran hedatua. Gainera, Erriberabeitia eta Lantaroni eragiten dien linea elektrikoa egingo da.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren aginduaren arabera, eguzki plantaren eta linearen zati bat interes geologikoko eremuetan proiektatzen da, Ebroko sistemari eraginez. Gainera, instalazioa EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren Katalogoan sartuta dagoen Lacorzanako urmaelaren ondoan egongo da.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako azterlanaren arabera, mendebaldeko aintzira-mirotz bi bikote, eta sei koartza bikote dira urmaelean. Hegazti faunaren azterlanaren arabera, mendebaldeko aintzira-mirotzezko hogei ale baino gehiagoko etzaleku bat dago neguan, eta zenbait bibotedun bikotek habiak egiten dituzte bertan.
Halaber, ondare balioa duten elementu batzuk daude ingurumarian, zehazki, San Martin ermita, Hurtado de Mendoza dorrea, Santa Marina herrixka eta La Calera kokalekua eta El Pradoko silex tailerra eta La Higarrako etxolaren hondoak. Eta linea elektrikoak Favliobriga a Vxama Barca galtzada erromatarra zeharkatzen du. Hala, ingurumen inpaktuaren adierazpenak hain- bat gomendio eta betebehar jasotzen ditu, bai eta neurri zuzentzaile bat ere: linea elektrikoaren azken zatia aldatzea, hegazti faunak elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko.
Nabarmentzekoa da sail batzuek ez dietela erantzun ministerioak egindako kontsultei. Horien artean daude Lakuako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza, Garraio Azpiegituren Zuzendaritza, eta Industria eta Trantsizio Ekologikoaren Zuzendaritza. Erriberabeitiako Udalak ere ez du erantzun.
Iberdolak (%75), Energiaren Euskal Erakundeak (%18), Arabako Foru Aldundiak (%2) eta Kreanek (%5) osatzen dute Ekienea sozietatea.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
