MARCEL PENA

«Iragan atergabea», lehenaldia berreskuratzeko ipuin bilduma

Julen Belamunok idatzitako hirugarren ipuin bilduma da «Iragan atergabea», kasu honetan, zazpi istorio errealista eta misteriotsuz osatua. Lehenaldiko kontuen itzulerak irudikatu ditu, guk nahi ala ez, iragana beti hor dagoela oroitarazteko.

Julen Belamuno, atzo, Donostiako aurkezpenean.
Julen Belamuno, atzo, Donostiako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

‘‘Iragan atergabea’’ (Elkar, 2025) kontakizun liburua aurkeztu zuen atzo Julen Belamuno idazleak, iraganari buruzko hainbat istorio eta pertsonaia batzen dituena. Belamunok argitaratutako laugarren liburua da ‘‘Iragan atergabea’’. Duela hamar urte estreinatu zen ‘‘Ukabilak eta loreak’’ ipuin bildumarekin, eta urtebete geroago ‘‘Gaueko zaintzailea’’ argitaratu zuen, bere lehenengo nobela. Denbora hartu zuen bere hurrengo liburua idazteko, ‘‘Hotz industriala’’, ipuin bilduma hau ere.

‘‘Iragan atergabea’’-rekin bere genero gustukoenera bueltatu da. Zazpi kontakizun osatuta, egileak istorio «errealista bezain misteriozkoak» bildu ditu.

Idazleak zehaztu zuen «ipuin bilduma» dela «ipuin liburua» baino gehiago: «Hau ipuin liburu bat da, zazpi kontakizunez osatutakoa. Hor, askotan terminologia arazo bat dago: ipuin bilduma, ipuin liburua... Zer alde dago? Bilduma da, normalean, elkarren artean loturarik ez daukaten ipuinez osatutako liburua; eta ipuin liburua, berez, elkarren artean lotura daukaten testuekin, batez ere gaien aldetik, egindako lana da».

Berak argitaratutako liburuaren kasuan, Belamunok azaldu zuen «hibrido bat» dela, ipuin liburuen eta nobelen artean. Nahiz eta kapituluak independenteak izan eta pertsonaiek elkarrekin zerikusirik ez eduki, «gaien aldetik badago leitmotiv bat»: iragana.

«Ipuin guztietan beti dago aspaldiko kontu bat, oso aspaldikoa askotan, 40 urte lehenagoko kontu baten itzulera. Eta itzulera horrekin batera, iragan horrek oraindik ere bizirik segitzen duen sentipen moduko bat ere badago. Horregatik da ‘‘iragan atergabea’’, oraindik ere segitzen duelako», azaldu zuen Belamunok. Liburuan aurki ditzakegu «herriko kintoen artean bizirik segitzen duten azken bi lagunen artean sortzen den lehia sorra; semearen zaintza kendu zioten emakume toxikomanoak biloba topatu zuenekoa; bainuetxeko ustezko baretasunean pizturiko gorroto gorria; eta kondesa baten jauregiko jardinean bizi den anakoretak inguruan biltzen duen jendetza» bezalako istorioak.

Eta ipuinak nola, halaxe liburuko pertsonaia bakoitza «mundu bat da». Belamunok onartu zuenez, berarentzat «inportanteena pertsonaiak dira», gertaerak, tramak edo giroak baino gehiago. Honenbestez, gaur egun idazten diren ipuinetatik aldendu da, tramari eta abiadurari garrantzi handia ematen dietenetatik: «Gaur egun ekintza askoko literatura egiteko joera dago, ‘‘azkarra, bizia, freskoa, dinamikoa...’’ deitzen zaiona. Nik ‘‘abiadura handiko literatura’’ esaten diot». Kontrara, bere liburukoa «kontaera nahiko lasaia eta patxadatsua» dela adierazi zuen: «Ez dira gauza asko gertatzen, inportanteena baita pertsonaiek sentitzen eta pentsatzen dutena, edo, kasu honetan, gogoratzen dutena. Irakurle lasaia eskatzen du, presarik gabekoa».

Azaldu zuen liburua idaztea ez dela «nostalgia» kontu bat izan, baizik eta «iraganaren presentzia» dagoela. Ideia hori irudikatzeko, Faulkner eleberrigilearen esaldi bat aukeratu zuen: «‘‘Iragana ez da inoiz hiltzen. Eta igaro ere ez da egiten’’. Iragana hor dago, eta egongo da beti. Azken batean, iraganaren emaitza gara, eta liburuari batasuna ematen dion ideia hori da».