Ion SALGADO
GASTEIZ

Gasteizko lorezainak greban: «Enpresak Udalak baino botere handiagoa al du?»

Enviserreko langileek hasi zuten greba mugagabeak bi hilabete beteko ditu datorren astelehenean. Atzo Gasteizko lorategiak kudeatzen dituen kontrataren jarrera kritikatu eta galdera bat egin zuten: «Enpresak Udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?».

Duela 59 egun hasi zen lorezainen greba, eta eraginak nabarmenak dira.
Duela 59 egun hasi zen lorezainen greba, eta eraginak nabarmenak dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Martxoaren 26an Enviserreko enpresa batzordeak greba mugagabea hasi zuen, Gasteizko lorategiak zaintzen dituzten langileen eskubideak aldarrikatzeko. Astelehenean bi hilabete beteko dira greba hasi zenetik, eta kalera aterako dira arratsaldeko 18.30ean, «bizi eta lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmen kolektibo propio bat» exijitzeko.

«Herritarren eta plantillaren mobilizazioek soilik lortuko dute egungo egoeraren arduradunei, Enviserri eta Udalari presioa egitea, gatazkari irtenbidea eman diezaioten», adierazi zuten atzo langileek Mendizorrotzako igerilekuen sarreran egindako elkarretaratzean.

Azaldu zuten zuzendaritza hiru aldiz bildu dela ELA, ESK eta LAB sindikatuek osatutako batzordearekin; akordioa lortzeko oztopo nagusia soldaten arloan dagoela ohartarazi zuten. Izan ere, langile gehienen soldatek ez dute lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen.

Lehenengo bileran enpresak hilean 25 euroko igoera proposatu zuen, bigarrenean 300 euro gordin eskaini zituen urtero, eta azken bileran, joan den ostiralean, hilean 43 euro gordineko igoera eskaini zuen. «Eskaintza barregarria egin zuen akordio batera iristeko».

Gasteizko Udalak, bestetik, 42 egun behar izan ditu greba batzordeari harrera egiteko, langileek Udalbatzan eskaera egin ondoren. «Bi bilera egin dira 58 greba egunetan, eta arduradun politikoek ezer gutxi egin dezakete haiek sustatutako pribatizazio eta azpikontratazio politikek eragin duten arazoaren aurrean», ohartarazi zuten.

«Ez al dira gai beraien politikek sortzen dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko? Enpresak Udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?», galdetu zuten, Udalak orain arte egindako gestio guztiek ez dutela «inolako emaitzarik eman» salatuz.

Amaitu aurretik, gogoratu zuten atzo bertan hasi zela Gasteizko Loreen Jaialdia, eta EAEko hiriburutzaren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi ere antolatu zirela, horien artean Ajuriaenea jauregiko lorategien irekitzea.

«Lehendakariaren lorategiak erakusten dituzte, hiriko parke eta lorategiek benetako lotsa ematen dutelako», adierazi zuten, eta EAJren eta PSEren «utzikeria» azpimarratu.

«MALGUTASUNA»

Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen hitzetan, «Udalak bitartekari lana egin dezake, baina ez dauka eskumenik gatazka honetan sartzeko».

Dena dena, aitortu zuen kontratua desegitearen aukera mahai gainean dagoela. «Azken aukera izango litzateke. Espero dut gatazka hau lehenago konpontzea. Askoz hobea da akordio batera iristea, eta negoziazioetan, akordio batera iristeko, malgutasuna beharrezkoa da». «Espero dut bi aldeak malguak izatea denon onerako», esan zuen.