Amaia EREÑAGA
GERNIKA

Urdaibaiko entzute prozesuan, Guggenheimen proiektua aho gehienetan

Agirre Lehendakaria Center eta AC4-Columbia University Busturialdean egiten ari diren entzute aldian, Guggenheimen proiektua izan da gehiengoak aipatu duen gaietako bat, horretaz zuzenean galdetu ez zaien arren.

Julen Larrañaga,  Itziar Moreno eta Gorka Espiau.
Julen Larrañaga, Itziar Moreno eta Gorka Espiau. (Oskar MATXIN / FOKU)

Gernikako Elkartegian atzo antolatu zuten lan gosarian, Agirre Lehendakaria Centerrek ezagutzera eman zituen Busturialdea-Urdaibai eskualdean egiten ari den entzute prozesuaren alderdi teknikoak eta metodologikoak. Gorka Espiauk (Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak), Itziar Morenok (ko-zuzendariak) eta Julen Larrañagak (proiektu koordinatzaileak) azaldu zituzten prozesuaren ikuspegi kualitatiboa, egitura, erabilitako tresnak eta aurreikusitako hurrengo urratsak.

Atzotik, “elur-bola” metodologiarekin sortutako lehen 150 adibideak kontsulta daitezke beraien webean. Horretarako, ALCk Ktool garatu dute, tokiko ekimenen ekosiste- ma ikusteko, jasotako narratibak aztertzeko -testigantzei narratiba deitzen diete- eta analisiaren bilakaera denbora errealean jarraitzeko aukera ematen duen tresna digitala. Orain arte 250 narratiba baino gehiago bildu dituzte -abuztuaren amaieran 500 izatera iristeko-, eta transkribatu, anonimizatu eta aztertu egin dira, pertzepzio eredu partekatuak identifikatzeko. Bukatzen dutenerako, 1.000 narratibatara iristea espero dute. Horietatik %10 eskualdetik kanpo bizi diren pertsonekin egingo dira.

Egiten ari den lan ia etnografikoa gizarteratzeko xedea du ariketa honek, baina, era berean, «informazioa estrapolatzeko eta deskontestualizatzeko» arriskua dago, Gorka Espiauk aitortu zuenez. Horren adibide, orain gutxi Elixabete Etxanobek egindako adierazpenek sortu zuten polemika.

Espiauk ohartarazi zuenez, uztailera arte ez dira aditzera emango azterketen emaitzak; beraz, konparaketa hau egin zuen: «Orain ditugun datu horiek lagin adierazgarri gisa hartzea, lehen hauteskunde mahaietako emaitzak hauteskunde gau baten amaierara estrapolatzea bezalakoxea izango litzateke. Baina entzute prozesu horren ñabardurak ulertzea lortuko bagenu, horrek lagun diezaguke, gizarte gisa, horrelako eztabaidei beste modu batera nola heldu ikasten».

Eta zer da, zehazki, entzute prozesu bat? Ez da parte hartze prozesu bat -erabakigarria dena-, ezta inkesta bat -datu kuantifikagarriak biltzen dituena-, baizik eta prozesu bat: «Dauden ekimenak mapeatuko dira, eta jasotako proposamenak txostenetan aurkeztuko dira. Erakundeek baloratu ahal izango dituzte, baina ez dugu proposamen zehatzik aurkeztuko».

Prozesuan parte hartzen dutenek elur-bola sistemarekin identifikatu dituzte. Talde txiki batetik hasten doan komunitatea da: alkatetik hasita -sentsibilitate eta alderdi desberdinekoak dira Busturialdean-, partaide bakoitzari 10 izen eskatu zaizkie.

Hortik pasatu dira museoaren proiektuaren aldekoak eta kontrakoak, baita ere «esaten dudana ez duela ezertarako balio» uste dutenak. 90 minutuko elkarrizketetan galdera irekiak egin zaizkie, haien ustez garrantzitsuenak diren gaiei buruz askatasunez hitz egiteko aukera emanez. Galdera generikoak izan dira, Guggenheimeko museoaren proiektuari buruzko galdera zuzenik egin gabe. Haien testigantzekin profil etnografikoak sortu dituzte, baina horiek ez dituzte pertsona errealak edo talde zehatzak adierazten, baizik eta pertsona desberdinek partekatzen dituzten narratiba patroiak.

Eta lehen fase honetan zein izan dira gehien errepikatu diren gaiak? «Guggenheim Bilbao Museoaren handitzea, eskualdeko trantsizio sozioekologikoa, turismo eredua eta etxebizitza eta garraio arazoak», argitu zuten. «Aniztasun handia dago, baina Guggenheim eztabaiaren erdian dago ia narratiba guztietan», adierazi zuen zuzendariak.

Narratiba hauek kontraste espazioetan aztertzen hasiko dira datozen asteetatik aurrera. Saio hauetan, mapeo honetan parte hartuko dutenek 10 pertsonako taldetan bilduko dira, eskualdeko eragile giltzarriekin eta euskal erakundeekin batera, hausnarketa prozesu bati ekiteko.