GARA
DONOSTIA

Gazako genozidioa amai dadin neurri zehatzak eskatu dituzte

Gazako genozidioa amaitzeko neurri «zehatzak eta eraginkorrak» har ditzatela eskatu zien atzo euskal erakundeei Gernika-Palestina ekimenak, askotariko babesa izan zuen urgentziazko deialdian: «Larrialdi-egoera honek ahaleginak bikoiztea eskatzen digu».

Gernika-Palestina ekimenaren agerraldia.
Gernika-Palestina ekimenaren agerraldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gernika-Palestina ekimenak antolatuta, eragile politiko, sindikal eta sozialen askotariko talde batek urgentziazko agerraldia egin zuen atzo Donostian, Alderdi Ederren, duela urte eta erdi baino gehiagotik Gazan bizi den muturreko egoeraz ohartarazi eta euskal erakundeei genozidioa amaitzeko neurri «zehatzak eta eraginkorrak» eskatzeko.

EH Bildu, PSE, Ezker Anitza, Sumar Mugimendua, Podemos, EH Bai eta Geroa Bai alderdietako ordezkariek egin zuten bat deialdiarekin. Adierazpenarekin bat egin duten sindikatuen artean, LAB, CCOO, Etxalde, Steilas, Hiru, Solidari eta UGT-Euskadi daude, baita Ernai, Gure Haurrak Ere Badira, Bilgune Feminista eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, eragileen sailean.

ISRAEL ISOLATZEKO DEIA

«Nazioarteko aldarriekin bat eginez, Israel isolatzeko neurriak hartzea eta, larrialdi humanitarioari aurre egiteko, nazioarteko babesa izango lukeen konboi humanitario diplomatikoa abiatzea» proposatu zuten.

Eskari zuzenak egin zizkieten euskal gobernuei, genozidioa gelditzeko neurri «zehatzak eta eraginkorrak» har ditzaten, eta, horien artean, «Israelen ekoitzitako ondasun eta zerbitzuak inportatzeari uzteko» deia ere jaso zuten adierazpenean. Era berean, dei egin zieten erakunde eta eragile ekonomiko guztiei «genozidioaren inguruan jarduten duten enpresa guztiekin harremanak etetera».

Iragarri zuten «plan oso bat» antolatzen ari direla udako jaietako testuinguruari begira, eragileak genozidioaren kontrako aktore bilakatzeko, eta elkartasun ekonomikoari ere bidea emateko.