Pentsiodunek HELaren garrantzia Pradalesi azaltzeko bilera eskatu dute
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Imanol Pradales lehendakariari zuzenean azaldu nahi dio bere herri ekimen legegileak (HEL) duen garrantzia eta irismena. Proposamen horrek 145.142 sinadura, sindikatu guztien eta hainbat eragileren babesa jaso du. Bilera bana eskatu dute lehendakariarekin eta lehendakariordearekin.

«Pentsiodun prekarioen bizitza hobetzea helburu duen» herri ekimen legegileak (HEL), Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutakoak, 145.142 sinadura jaso ditu, pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin pareka ditzaten. Horiek aurkeztu eta egun batzuetara, atzo, bilera bat eskatu zuten Imanol Pradalesekin. Izan ere, ekimenak gizartean duen garrantzia eta irismena zuzenean azaldu nahi diote lehendakariari.
Atzo eguerdian Lehendakaritzan bilera eskaera aurkeztu ondoren eginiko agerraldian, ekimenaren batzorde sustatzaileko bozeramaile Arturo Val del Olmok eta Jesus Mari Soubiesek hala azaldu zuten. Esan zutenez, HELak «nahikoa babes du lehendakariak gurekin elkarrizketa bat izan dezan». Mikel Torres lehendakariordearekin beste bilera bat eskatu dute, telematikoki.
Maiatzaren 15ean aurkeztu zituzten sinadurez gain, EAEko sindikatu guztiek, «salbuespenik gabe», ehunka eragile sozial eta feministek eta kulturako, kiroleko eta beste eremu batzuetako 289 pertsonak babesten dutela nabarmendu zuten Lehendakaritzaren atarian.
Beraz, Pradalesi hau helarazi zioten: «Aringarririk gabeko iruzurtzat joko genuke tramite luze eta konplexua, azpiegitura bat, gastu asko dakartzaten baliabideak abian jartzea eta gizartea tentsioan jartzea eskatzen duen ekimen bat kontuan ez hartzea».
100.000 pentsioduni, tartean 65.000 emakumeri, eragingo liokeen ekimen hau Gasteizko Parlamentuko hiru taldek babestu dutela gogorarazi zuten; alegia, EH Bilduk, Sumarrek eta PPk ekimena aintzat hartzearen alde bozkatuko dutela. «Gobernua osatzen duten bi taldeak falta dira; EAJ eta PSE», deitoratu zuten bozeramaileek.
Berretsi zuten, halaber, emakumeak izan direla, historikoki, «baliabide publikorik ez egoteagatik, adingabeak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzen lan egin dutenak». Hori dela eta, esan zutenez, pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzeak batik bat horiei mesede egingo lieke.
Azaldu zutenez, ekimen legegile hau Konstituzio espainolak eta EAEko Autonomia Estatutuak babesten duten herritarren parte-hartzea da. «Gure ustez, maiatzaren 15ean aurkeztutako sinadurak balioztatzen direnean, Legebiltzarreko mahaiak 15 egun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, nahi dutena edo ezer ez alega dezaten», gaineratu zuten bozeramaileek.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
