Merezi izan zuen eta merezi du!
Hogeita hamabost urte luze pasatu dira Kuban (Habanan) jokatu ziren Munduko euskal pilota txapelketan euskal selekzio gisa desfilean parte hartu eta lagunarteko partida batzuk jokatzeko aukera eta ohorea izan genuenetik. Oraindik ere oso harro sentitzen gara euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen hark gerora balio izan duelako ofizialtasunaren aldeko iritzia zabaltzeko eta euskal gizartean mezua txertatzeko. Eta, bide batez, egungo egoeran aurkitzeko.
35 urte pasatu behar izan dira aldarrikapen harekin hasitako borrokaren fruituak ikusi ahal izateko. Azkenean, zorionez, urte hauetan guztietan egindako borrokaz, batik bat euskal pilotari batzuen inplikazio zuzenekin eta, zergatik ez esan, azken momentuan politikari batzuen esku hartzearekin eta Nazioarteko Euskal pilota Federazioko Presidentearen jarrera irekiarekin gerturatu gara helmuga ingurura.
Nazioarteko Euskal pilota federazioak iazko abenduaren 28an Iruñean egindako Batzarrean EEPFa bazkide gisa onartu zuenean esan genuen modura, pozik eta harro sentitzen gara euskal pilota selekzioak lehen aldiz Gernikan ekainaren 1tik 6ra jokatuko den Munduko Kopa txapelketan parte hartuko duelako. Nola ez gara ba pozik egongo euskal pilotariak ikurrinarekin eta bere selekzioa ordezkatuz lehiatzen ikusteko aukera izango dugunean. Bazen garaia!
1990. urtean Kuban euskal selekzio gisa parte hartu genuenok Donostian elkartu gara, lortutako hori ospatzeko eta Gernikan arituko den euskal pilota selekzioari gure babesa eta animoak emateko. Era, bide batez, benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa, alegia, zazpiak bat ordezkatzen duena faltan botatzen dugula gogorarazteko.
Alde horretatik, garbi daukagu aipatu erronka hori lortu artean, oraindik, aldarrikatzen jarraitzeko motiboak soberan daudela, zeren, egindako urratsa handia izan arren eta batzuk horrekin konforme gelditu, gure ustez oraindik garrantzitsuena falta delako, alegia, benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa zazpi herrialdeak kontuan hartzen duena lortzea.
Horregatik uste dugu merezi duela aldarrikatzen jarraitzea eta ukazio eta probokazio guztien gainetik aurrera egitea, besteak beste, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia, eta Zuberoako euskal pilotarien eskubidea ere badelako, alegia, euskal herritarrak direlako. Eta hori aldarrikatzen jarraitzea zintzo jokatzea baino ez dela deritzogu. Beraz, aurrera!
Merezi izan zuen eta merezi du! Gora euskal pilota selekzioa!
*Idatzi hau sinatzen dute ere: Peio Urtasun, Xabier Martinez, Pako Kalonje, Txetxu Iriarte, Jokin Etxabe, Iñaki Zubeldia, Luis Zeberio, Tomas Lacalle, Xabier Garagorri, Juan Cruz Astorkia, Joxan Jauregi, Joxemaria Alonso, Jose Antonio Segurola, Javier Mariezkurrena, Joxi Mugika, Jose Luis Zaldua.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
