GARA
ALTSASU

Aizkolari batek «AHTren loturak» ebaki ditu, obrei uko egiteko

Gobernu espainolak Abiadura Handiko Trena (AHT) Nafarroara eraman nahi du, «Euskal Y»-a luzatuz. Bi alternatiba proposatu dituzte, Ezkiotik edo Gasteiztik. Gipuzkoako mugan dauden Nafarroako herrietako ekologistak Altsasun bildu dira, horiei uko egiteko.

Aizkolaria, «trenbidea» moztu nahian, aldarrikapen gisa.
Aizkolaria, «trenbidea» moztu nahian, aldarrikapen gisa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gipuzkoako mugatik gertu dauden Nafarroako herriek bat egin zuten atzo Altsasun, eta mobilizazio batean Abiadura Handiko Trenaren aurka protesta egin zuten. “AHTrik ez, ez Gasteiztik, ez Ezkiotik” lelopean, elkarretaratzea egin zuten herritarrek. Era berean, trenbidea eraikitzen jarraitzeko Aralarren egiten ari ziren zundaketa geologikoen aurkako aldarria ere egin zuten.

Obrak bertan behera gelditzea lortzea da helburua. Agerraldian aizkolari batek Gasteiz, Ezkio eta Iruñea izenak zituen enbor bat -AHTak lotuko lituzken udalerriak- ebaki zuen, tren azkarraren loturak mozten zituela irudikatuz.

Ekitaldia amaitutakoan, Altsasuko udaletxeko atean zintzilikarioak jarri zituzten. Izan ere, Eguzki talde ekologistak azaldu bezala, Altsasu da AHTren alde egin duen herrietako bat.

ARALARREN ZUNDAKETAK GELDITU

Iragan astean azaldutakoaren arabera, “Euskal Y”-a Nafarroarekin lotzeko moduak aztertzen ari dira.

Ezkio-Itsasorekin lotzeko bideragarritasuna ezagutzeko, Aralar mendilerroan lagin zuloak egiten dihardute. Makineria pisutsuarekin burdinazko barrak sartzen dituzte lurzoruan, eta lur laginak ateratzen dituzte, obra hasten dutenean, zer aurkituko duten aldez aurretik jakiteko.

Ezkio-Itsasotik bidea egiten badute, inguruari kalte handiagoa egiten zaio. Bide hori aproposa ez dela ikusten badute, Gobernu espainolak beste bide bat proposatuko du, Gasteiztik pasatzen dena eta merkeagoa dena. Talde ekologistek biei uko egiten diete, AHT beharrezkoa ez dela iruditzen zaielako. Aitzitik, ohiko trenaren aldeko apustua egitea defendatzen dute.

Aralarko arazoaren harira, Stop AHT Zundaketak adierazi zuenez, Aralar mendilerroaren inguruan egiten ari diren lagin zulo batzuk geldiaraztea lortu dute (Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan), baimen faltak direla medio. Zundaketa gehiago bertan behera gelditzeko lanean jarraituko dute.