Gaitasunak garatu, eskubideak sortzeko
Gure Eskuk konferentzia subiranista egin zuen atzo, «Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, zertarako?» leloarekin. Herri osoko eragile sozial eta erreferente akademikoak elkartu ziren Irungo Ficoba erakustazokan, eztabaida politikoa herritarrengana hurbiltzeaz gain, burujabetzak eskaintzen dituen aukerez hausnartzeko.

Heldu den larunbatean, ekainaren 7an, Bilbon eginen duen mobilizazio nazionalaren bezperetan (17.30ean La Casillan, “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” leloarekin) burujabetzaren aukerak aztertu zituen Gure Eskuk Irungo konferentzian. Testuinguru berezian antolatu zuen, gainera, ekitaldia, Euskal Herri osoan ahalmen politiko gehiago eskuratzeko prozesu eta eztabaidak zabalik daude eta.
Atzo Ficoban egindako hiru solasaldien helburua horixe izan zen: «Eztabaida politikoa herritarrei hurbiltzea eta askotariko eragile soziopolitikoak gure herriak behar duen estatus politikoaren inguruan elkarrizketan jartzea».
Galdera orokor bati erantzun zioten: «Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, zertarako?». Eta horren aterkipean, hainbat gai. Baita jendeari mobilizatzeko ilusioa pizteko gako batzuk ere.
NOLA PIZTU MOBILIZATZEKO ILUSIOA
Hirugarren konferentziaren kronika jaso dugu hemen. Bertan, eskubideak hainbat ikuspegitatik zabaltzeko aukera gisa jorratu zuten burujabetza.
Xabi Anza ELAko prestakuntza arduraduna, Jule Goikoetxea filosofo, irakasle eta aktibista feminista, Idurre Eskisabel kazetari, antropologo eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Jaume Lopez Kataluniako Generalitateko Berrikuntza Demokratikoko zuzendari nagusi ohia ideiak partekatzen aritu ziren, Naroa Iturri kazetaria gidari zutela.
Goikoetxeak tinko eta argi adierazi zuen: «Eskubideak teknologia bat dira, populazioa gobernatzeko». Defendatu zuenez, gaitasunez hitz egin behar da, eskubideak estatuek ematen dituztelako eta guk ez daukagulako estaturik. Horrez gain, estatuak eraldatzen ari dira. «Ez gara aita estatuari eskubide eske biziko; gaitasuna garatu nahi dugu eskubideak sortzeko», baieztatu zuen.
Populazioa nola mobilizatzen den hausnartu behar dela ere azpimarratu zuen, edo «erabakitzeko eskubidearen formulan zergatik ez den mobilizatzen, ze beste gai batzuek mobilizatzen dute».
EZAGUTZAREN UNIBERTSALIZAZIOA
Euskaraz ez, euskal hiztunez eta hiztun komunitateaz aritu zen Eskisabel. Azaldu zuen hizkuntza zapalkuntza eta minorizazioa egiturazko zapalkuntza bat dela jabetu behar dugula eta hizkuntza politikak egiteko zoru egokiena duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere minorientzako hizkuntza politika egiten dela.
«Paradigma aldaketa behar da eta, horretarako, giltzetako bat ezagutzaren unibertsalizazioa da. Horrek herritartasunetik euskara jakiteko behartasun horretan jarriko gintuzke», proposatu zuen.
Herri hau etengabe mobilizatzen dela baloratu zuen Anzak. «Hegoaldean ez dago instituzio integratzailerik, ordea. Eta 1978ko erregimenaren pozoi handia dugu oraindik. Mesfidantza eta kriminalizazioa dago gizarte zibilarenganako», adierazi zuen. Iparraldean, aldiz, integratzaileagoak eta irisgarriagoak ikusten ditu erakundeak. «Horregatik dira posible armagabetzea bezalako lorpenak».
DEPOSITARIO EDO HARTZAILE IZATEA
Lopezek aipatu zuen mugimendu sozialek ez dutela zertan politikarien egutegi zurrunik bete. Adierazi zuenez, denbora desberdinak dituzte, eta hori baliatu behar dute, adibidez, Katalunian kaxoian gelditu den Argitasun Akordioa ateratzeko. «Beraiei dagokie berriro ere mahai gainean jartzea».
Mobilizazioei buruz, zehaztu zuen ez direla soilik kuantitatiboak, kualitatiboak ere badirela. «Ez da beharrezkoa denbora osoan kaleak jendez betetzea. Erakargarri suertatu behar dugu. Badira emozio erreaktiboak, mobilizatzera eramaten gaituztenak, eta badago itxaropenaren elementua ere. Eta hori mugimenduaren beraren araberakoa da», defendatu zuen.
Mugimendu sozialak nazio bat garen ideiaren «depositario edo hartzaile» bezala duen papera ere nabarmendu zuen katalanak.
Kontseiluko idazkari nagusiari anitz gustatu zitzaion gogoeta hori eta «subjektu euskaltzale politizatu hori berriro irudikatzea ezinbestekoa» dela esan zuen.
«Une batean euskaltzaletasuna depositario edo hartzaile inportante bat izan zen, beste lidergo batzuk martxan jartzeko oinarria. Orain, hiztun komunitate bizi gisa aurrera egiteko, lidergo hartzaile horren jabe egitea dagokigu berriz», ohartarazi zuen.
HERRI LIBRE BAT, JENDE NORMALEZ BETEA?
Jule Goikoetxea fronte zabalaz mintzatu zen, eta erran zuen horren erdigunean dauden gorputzak erabakitzeko eskubide gehien dutenak direla. «Feminismoa desagertu egiten da fronte zabal horretatik eta berdintasuna sartzen da», jarri zuen adibide bezala.
Fronte zabala kualitatiboa da berarentzat, eta zentzu berri bat eman behar zaio, ilusioa piztuko badu.
«Mugimendu feminista sistema politikoak sortzeko proiektuak proposatzen ari da. Goazen arreta jartzera. Burujabetza materiala nahi badugu. Goazen mobilizatzen ari den jende horrengana. Horiekin egin behar da fronte zabala», dei egin zuen.
«Herri libre bat nahi dugu, baina jende normalez betea? Edo subjektu ezberdinekin? Guk beste gizarte bat sortu nahi dugu; hori da burujabetza materiala», baieztatu zuen filosofo eta irakasleak.
FEMINISMOTIK IKASIZ
Idurre Eskisabelek aitortu zuen euskalgintzak ikasteko anitz duela feminismotik. «Ahaztu zaigu gure auzia politikoa dela sakonean. Feminismoak milaka pertsona jarri ditu esaten: ‘Hau gertatu zait eta jasangaitza da’. Izendatu, eta politikoki kokatu du», baloratu zuen.
ELAko kideak antipolitikari aurre egiteko premia aipatu zuen. Izan ere, eskuineko oldarraldi bat dago politikarien beharra ukatzen duena. «Guk alderdi politikoak behar ditugu. Kritikoak gara haiekin, bai, baina kritikatzea ez da antipolitika, hori da joko politikoaren eremua», argitu zuen. Baieztapen probokatzaile bat ere utzi zuen: «Ez ditugu gazteak mobilizatuko, ez badugu erradikalizazio prozesurik ematen».
IRAUTEN DUENA
Generalitateko kide ohiak erran zuen erabakitzeko eskubidearen funtsa edo printzipioak iraunkorrak direla eta denboran desberdin adieraz daitezkeela. Ezaugarri batzuk egoera batetik bertzera aldatzen dira, baina DNA berdina da. Eskubidea (baldintzarik gabeko aitortza, demokraziaren mende ez dagoena, «ez baita bozkatzen nazioa garen ala ez, independenteak izan nahi dugun ala ez baizik»), subiranotasuna (ahalduntzea, autogestionatzeko gai izan gaitezen) eta demokrazia (honetan sakontzea) dira, berarentzat, mantentzen diren hiru elementuak. Eta hirurak daude Gure Eskuren markoan, ziurtatu zuenez.
Goikoetxeak azaldu zuen feminismoaren joera dela barne etsaia ikustea, ez kanpokoa bakarrik. Analisi bat egitera deitu zituen erakundeak: «Zer gauzak murrizten digute burujabetza gure egunerokoan? Osasuna, erakundeak eta garraiobideak pribatizatzeak, esate baterako, asko». Bere ustez, premiazkoa da analisi hori egitea, mobilizatzeko gaitasunean eragiten duelako. Adibidez, duela urte eta erdi greba feminista orokorra egin zen. «Nola mobilizatuko gara alaiki zapaltzen gaituztenekin? Honetaz hitz egin behar da».
Lopezek hausnartu zuen bezala, esperantza norbere kontua den arren, badago baikortasun militantea, ziklo politikoak bizi zikloak baino luzeagoak direla onartzen duena eta historian lan egiten duena. Eta Katalunian zein Euskal Herrian bada herritar talde latente bat aldarrikapen batzuen alde dagoena. «Bagara, eta egoeren arabera aterako gara».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
