Hegoi BELATEGI
DONOSTIA

Euskal Herriko arrantza munduari begia eta belarria jarrita

Arrantzaz eta arrantzaleen bizimoduaz jardungo duen “Sarea galdu aurretik” podcasta heldu da ekainean, hegaluzearekin batera, NAIZ Irratira. Atzo estreinatu zen, eta igandero goizeko 9.00etako albisteen ondoren entzungai egongo da. Webgunean eta plataformetan ere aditu ahal izango da gero.

Getariako portua, antxoaren kanpaina batean, artxiboko irudi batean.
Getariako portua, antxoaren kanpaina batean, artxiboko irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Kezka eta nahi batetik jaio da “Sarea galdu aurretik” podcasta: nahikoa da Euskal Herriko edozein portura jotzea, ikusteko gehienetan arrantzak utzi diola jarduera nagusia izateari, edota, arrantzak presentzia izaten jarraitzen duen horietan ere, gainbehera oso handia izan dela azken hamarkadetan. Arrantza gutxiago eta honekin batera, noski, gero eta gutxiago dira honi lotutako ofizio tradizionalak ere.

Egoera kritikoa izatera heldu da, etorkizuna ezbaian dago, bai eta euskal herritarren nortasunaren eta ondarearen zati garrantzitsu bat ere. Baina atsekabean erori gabe, gizarte eredu honek Kantauri itsasoko arrantzaren (bereziki artisau arrantzaren) amaiera ekarriko duela dioen iragarpenari kontra eginez, arrantzatik bizitza duin, egoki eta ona eduki daitekeela erakutsi eta frogatu nahi du proiektu honek.

Arrantzari ezarri zaion kondaira beltza iraultzea da helburua, lanbide honek suposatzen dituen gogortasuna eta zailtasunak ezkutatu gabe, eta azken hamarkadetan eman diren aurrerapen eta hobekuntzak jasoz.

ENTZUN ETA ZABALDU

Analisia zabalduz, arrantzari ezinbestean lotuta dauden eta emakumeak nagusi izan diren ofizioek tarte nabarmena izango dute saioan: neskatilek, paketatzaileek eta saregileek, bereziki.

Prozesu honek arrantzaren inguruan dagoen giza ekosisteman sakontzea eskatzen du, ezberdinak izan arren, haien artean denek dutelako jasangarria eta emankorra den arrantza sektore baten premia: ikerlari, biologo eta arrantza ikuskatzaileetatik, arrain saltzaileetaraino, tartean, sukaldarien eskuetatik pasatuz.

Belaunaldi erreleboa da gakoa, eta txanponaren bi aldeak topa daitezke herri honetan. Gutxi dira arrantzaren aldeko apustua egiten dutenak, arrantzan eta itsas eskoletan dauden gazteak asko diren arren. Honen zergatia uste baino konplexuagoa da, hala ere.

Finean, “Sarea galdu aurretik” podcastak ez du arrantzaleen ahotsa izateko asmoa; arrantzaleak entzun, esandakoak jaso eta gizarteratzea du xede, arrantzalearen bozgorailu bilakaturik. Egungo egoeratik abiatuta, bost ataleko bidaia baterako gonbidapena da hau, arrantzan izan den gainbeheraren arrazoiez jabetzeko eta, ondoren, iluna dirudien etorkizun horri berme gehiagorekin begiratu ahal izateko.

ABIAPUNTUA, LEHEN ATALA

Igotz Garatea Lekeitioko “Kalamua II” baporeko patroia eta Aritz Martinez Hendaiako “Atalaia Berria” ontziko arrantzalea mintzatu ziren atzo, lehen ataleko protagonistak izanik.

Euskal arrantzaleek baliatzen dituzten arrantza ereduen azalpena da abiapuntua, alegia, Kantauri itsasoan topa daitekeen itsas txikiko edota baxurako arrantza. Ez da hau, ordea, euskal kostaldean presentzia duen arrantza eredu bakarra. Garai batean itsas zabaleko edota alturako arrantzak garrantzia handia izan zuen, eta oraindik ere jarduera nagusia da, esate baterako Ondarroan. Kritiken jomuga izan bada ere, alturako arrantzale eta ordezkarien azalpenak jaso behar dira, sektorearen aniztasuna eta konplexutasuna uler dadin.

Euskal arrantzaren argazki zabal hori osatzearren, Ozeano Barera, Atlantikora edo Indiako Ozeanora begiratu beharra dago, atunontzi izoztaileek ordezkatzen duten sektore indartsura.

Milaka kilometrotara egon arren, asko direlako horretan jarduten duten euskaldunak eta, gainera, aukera erakargarriena bihurtzen ari delako arrantza ikasketak egiten ari diren ikasle askorentzat.