GARA
BIARRITZ

Philippe Lassalle-Astis hil da, Filipo bezala ezaguna zen militantea

Parisko auzo «chic» batean 1950ean sortua, Euskal Herriko askapen mugimenduarekin bat egindako Philippe Lassalle-Astisek ezohiko ibilbidea izan zuen. Larunbatean zendu zen, Azkainen, euskal preso ohia. Azken agurra Biarritzen egingo diote ekainaren 12an.

Philippe Lassalle-Astis, Filipo, minbiziaren ondorioz hil zen Azkainen, joan den larunbatean. ETAko zenbait belaunaldirekin izan zuen konpromisoarengatik ezaguna zen.

Parisen jaio zen 1950ean, familia aberats baten baitan. Aita militarra zen, eta ama familia aristokratiko batekoa. Giro pribilegiatu horretan jasotako hezkuntza zorrotza izan zen, katolikoa eta militarra. Berez errebeldea izaki, etxetik ihes egin zuen 13 urterekin, eta horrek mundu gogor baina askoz interesgarriago baten ateak ireki zizkion. Ibai Agirrebarrenak Jauzia proiektuan ‘‘ZuZeu’’-n egindako elkarrizketan kontatzen zuenez, modu horretan «ni bezala sistemaz nazkatuta zegoen jende interesgarria ezagutu ahal izan zuen». Orduan ikasi zuen boxeatzen.

Etxera itzuli eta ikasketak amaitzea erabaki zuen 15 urterekin. Merkataritza eskolan sartu zen eta lanean hasi zen. 18 urterekin Parisen harrapatu zuen 1968ko Maiatzak, eta matxinada haiek sakon eragin zioten. Testuinguru hartan ezagutu zituen Jean Paul Sartre -faxisten eraso batetik salbatu zuena-, bai eta Simone de Beauvoir ere.

Filipok, 1970ean, Armadan sartu behar izan zuen derrigorrezko soldadutzagatik, eta Afrikara bidali zuten. Han ikasi zuen «nola funtzionatzen duen kolonialismo frantsesak eta honen izaera ustelak».

Etxera bueltatu ondoren, 25 bat urte zituela, Euskal Herrira lanera etorri zen. Errefuxiatuak ezagutu zituen, haien historiak entzun zituen eta haien kausarekin inplikatzen hasi zen. Era guztietako kontuetan laguntzen zien: lekualdatzeak, harrerak, lanak... ETAko militanteekin bizitza konpartituz, ETAko kide bilakatu zen.

Besteak beste, Xabier Galdeano ezagutu zuen. Izaeraz erabat aurkakoak izan arren, lagun minak egin ziren, eta haren heriotzak eragin zion zirrara kontatu zion Agirrebarrenari.

«Edozein injustizia edo abusu onargaitz zuenez, ahulena babesteko borrokan sartzeko zalantzarik ez zuen», gogoratzen du haren kidea izandako lagun batek. Atxikimendu ideologikoa baino gehiago, Estatu espainolak euskal herritarrak zapaltzeko zuen modua izan zen Filipo euskal kausan militatzera bultzatu zuena. «Sortzez frantsesak baina ekinez euskal herritarrak», haietako bat izan zen Lasalle-Astis. Bere historia judiziala militantzia horren lekuko da: 1987an Senperen atxilotu zuten konfiskatutako paper batzuen kontura; 1992an, Bidarten, ETAren zuzendaritza harrapatu zutenean; 1998an, armak lortzeko erantzukizuna leporatuta.

Filipo gizon handia zen, konprometitua, eskuzabala eta grinatsua. Haren izaerak bidelapur libertario batena zirudien. Haren ahots sakonak, frantses kutsu nabarmena zuen gaztelaniazko ahoskerak, istorioak kontatzen zituenean zeukan umoreak, harrera egiteko eta konpartitzeko moduak, ezagutu dutenentzat maitagarria egin dute.