Ertzaintzak Korda indarrez hustu eta atxilotu bat ospitalera eraman du
Ertzaintzak Gasteizko Pintore kaleko Korda espazioa hustu zuen atzo, indarkeria erabiliz. Pertsona bat zauritu eta ospitalera eraman zuen, atxilotuta. Dozenaka lagun bildu ziren Alde Zaharreko gune autogestionatuan lan egiten duten Herrizoma Elikadura Sareari, Zaharraz Harrori eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sareari babesa ematera.

Ertzaintzak Gasteizko Korda espazioa hustu zuen atzo goizean, horretarako indarkeria erabiliz. Poliziek gogor kolpekatu zituzten eraikinean bertan ziren lagunak, eta gazte bati sudurra hautsi ziotela salatu zuten gerturatu zirenek. Lakuako Segurtasun Sailak berak onartu zuen gizon bat erietxera eraman behar izan zutela, eta atxilotuta dagoela baieztatu zuen. «Erresistentzia» delitua leporatzen diote.
Espazioa husteko operatiboa ordu batzuk lehenago hasi zen, Ertzaintzak Pintore kalea hartu baitzuen gauerdi aldera. Epaitegiko kideen zain zeudela zabaldu zen, eta dozenaka lagun bildu zen bertan espazio horren alde egiteko. Haize Agirrek, Auzoan Bizi Etxebizitza sareko kideak, NAIZ irratian aipatu du «erresistentziarako prest» zeudela barruan.
Ertzainek ia hamaika ordu eman zituzten Pintore kalean, ustez epaitegiko kideen zain. Azkenean, 11.00k aldera espazioko atea bota eta barrura sartu ziren. Bertan zeuden lagunak kalera atera zituzten, indarkeria erabiliz. Zehazki, borrekin gogor jo eta zauriak eragin zizkieten. Jazotakoa salatzeko manifestazio bat egin zuten arratsaldean, eta ehunka lagunek parte hartu zuten.
2022AN ZABALDUTAKO ESPAZIOA
Hainbat kolektibok kaleratze arriskuaren berri eman zuten apirilean. Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak ohartarazi zutenez, Gasteizko Udala eta 21 Zabalgune hirigintza agentzia eraikina hustu nahian zebiltzan. «Lokalak denbora zeraman hutsik Korda bihurtu genuen arte», gogoratu zuten. «2022ko ekainaren 27an Zaharraz Harrok, Herrizomak eta Auzoan Bizik autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz hartuta herri egiturak garatzeko eta indartzeko espazioa errekuperatu genuen, inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez», adierazi zuten.
Aipatutako eragileetako kideek hainbat ekimen antolatu dituzte aste hauetan kaleratzea saihesteko, eta udal ordezkariekin biltzeko proposamena mahai gainean jarri dute. Baina maiatzean salatu zutenez, «jabetza pribatua eta negozioa» babestu dute politikariek, «kolektiboen eskari eta beharrei entzungor» eginez.
Gainera, Kordaren hustea, Barne-eraberritze Plan Berezia ebazten ari diren egungo testuinguruan ulertu beharra dagoela esan zuten, «auzoa merkatu eta erakusleiho bila- katzeko prozesuan beste pauso bat delako».
«Interes merkantilistekin datozenei esaten diegu Korda defendatuko dugun moduan defendatuko dugula auzoa ere putre funts eta espekulatzaileengandik», nabarmendu zuten, hau gaineratuz: «Auzokideen gainetik negozioei mesede egiten dietenei esaten diegu auzoan antolatzen jarraituko dugula apartamentu turistiko bakoitza etxebizitza bilaka dadin, auzokide bakoitzak erroldatzeko eskubidea izan dezan, kide bakoitzaren elikadura eskubidea bermatua izan arte».
Manu Arakama Gasteiz Txiki auzo elkarteko ordezkariak Kordan egindako lana defendatu zuen, etorkinei eta egoe- ra zaurgarrian diren bizilagunei eskainitako jarduerak azpimarratuz. Era berean, Ertzaintzaren operazio «neurrigabea» salatu eta auzokideen jarrera baketsua goraipatu zuen.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
