GARA
BILBO

«Eskola publikoa eraldatzeko plana» aurkeztu du Lakuak

«Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa» martxan jarriko dute aurki. Lakuako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak atzo aurkeztu zien ikastetxeei eta hezkuntza eragileei. Datozen asteetan sakonduko dutela aditzera eman zuten.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak aurkeztu zuen atzo eskola publikoa eraldatzeko plana.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak aurkeztu zuen atzo eskola publikoa eraldatzeko plana. (IREKIA)

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak 2025-2028 aldirako “Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa” aurkeztu zien atzo plana egiten parte hartu zuten ikastetxeetako eta hezkuntza komunitateko eragileei. Planaren norabidea eta oinarria landu zituztela ezagutarazi zuen Lakuak, hedabideei helarazitako ohar baten bidez.

Ekitaldira hurbildu zirenek mahai inguru batean parte hartu zuten, entzundakoaren inguruan gogoeta egiteko. Pedrosak nabarmendu zuen plan berria «konpromiso partekatu eta iraunkorra» dela, «ikastetxeetako bizitza hobetzea eta eskola publikoa barrutik indartzea bilatzen dituena».

Bilbon egindako aurkezpenean sailburuak planaren printzipioak, helburu estrategikoak eta jarduera ildo nagusiak azaldu zituen, eta azpimarra berezia egin zuen zenbaitetan: «Bere izaera eraldatzailea, ikuspegi pedagogikoa, euskal hezkuntza sistema publikoa eta ikasleen emaitzak etengabe hobetzeko konpromisoa eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa».

Atzoko topaketarekin planaren «inplementazioaren etapari» hasiera eman ziotela adierazi zuen Pedrosak. Aurreikuspenen arabera, datozen asteetan Hezkuntza Sailak sare publikoko zuzendaritza taldeentzat informazio saioak egiteko egutegia aktibatuko du, «proposamenak jaso eta ikastetxeetan plana errotzeko».

HAMAR ARDATZ

«Ikuspegi partekatu hori ikasgeletan eguneroko errealitate bihurtzea da orain helburua», esan zuen Hezkuntza sailburuak. «Badakigu eskola eraldatzeak ezagutza, konpromisoa eta konfiantza behar dituela, eta bide hori elkarrekin egiteko gonbidapena da plan hau», berretsi zuen. Plan Estrategikoa hamar ardatzetan egituratuko dela azaldu zuen, eta oinarri dituela «ekitatea, berrikuntza pedagogikoa, irakasleen sustapena, hezkuntza lidergoa, etengabeko hobekuntza eta ikasleen ongizatea». Gaineratu zuen Lakuak «inoizko hezkuntza aurrekonturik handiena» izango duela, baita ebaluazio sistema ere.

Ondu duten plana Hezkuntza Lege berria hedatzeko funtsezko oinarria dela ohartarazi zuen, eta Pedrosak mezu zuzen bat helarazi zien ikastetxe publikoei eta hezkuntza komunitateari: «Euskal Eskola Publikoaren etapa berri bati hasiera emango diogu. Etapa hori urratsez urrats eraikiko da, erabakiz erabaki, ikasgelaz gela. Norabidea argi dago, eta Saila zuen ondoan ibiliko da: entzuten, aholkuak ematen eta beharrezko baliabideak ematen».