Naturarekin dugun harremanaz hausnartzeko gonbita dakar Iker Vallek
«Naturaren bibrazioak» erakusketa irekiko du gaur Donostiako Ekain Arte Lanak galeriak. Uztailaren 12ra arte ikusi ahalko da eta, Iker Valle artistak aurreratu duenez, gaur egungo bizimodu azkarrean naturarekin dugun harremanaz hausnartzeko aukera ematen du. Basoan zehar egindako ibilbide batetik jaiotako serie hau formatu eta kolore konbinazio desberdinetan dakar Vallek.

Donostiako Ekain galeriak Iker Valleren “Naturaren bibrazioak” seriea hartuko du gaurtik uztailaren 12ra bitartean. Artistak basoaz duen pertzepzioa irudikatu du mihisean eta eskuz egindako paperean, koloretan eta zuri-beltzean, eta elkarrekin 28 obrak hausnarketarako gune bat sortzen dute, «gaur egungo bizimodu azkarrean naturarekin dugun harremanaz pentsatzeko».
Atzo, erakusketaren irekieraren bezperan, aurkeztu zuen Iker Vallek bere lana Ekain galerian eta erakusketaren nondik norakoak azaldu zituen medio honekin elkarrizketan. Artistak azaldu zuen obra hauek osatzen dituzten marra bertikalek zuhaitzei erreferentzia egiten dietela eta azpiko aldean «paisaia erdi abstraktu bat» irudikatu duela.
Prozesua 2022an hasi zuen eta ideia Iratiko basoan barrena egin zuen ibilaldi batean otu zitzaion. Elurrak estalita, milaka arbolaren enborra baino ez zuen ikusten; «eta hauen bertikaltasunean fijatu nintzen -kontatu du Vallek-. Horrek mugimenduarekin bibrazio moduko bat sortzen zuela ikusi nuen eta horren inguruan konexioa egin nuen».
Nolanahi ere, ez da bibrazioaren kontzeptua erabiltzen duen lehendabiziko aldia. Gogora ekarri zituen orain dela urte batzuk zuri-beltzez eta urdina eta beltza elkartuz egindako margolan batzuk, bibrazioa denboraren kontzeptuarekin lotzen zutenak. Denborarekin, hori «pixkanaka eboluzionatzen joan zen eta bibrazioaren eta paisaiaren tarteko honetan bukatu da».
Horrekin, beraz, gizakiok naturarekiko gaur egun daukagun «deskonexioari» buruz hitz egiten du Andoainen jaiotako diziplina anitzeko artistak. «Lana eta teknologia tarteko, nahiko azkar bizi gara eta espazio honetan adierazi nahi dudana da denbora nola eraldatzen den», argitu du.
IKER VALLE
Serieka lan egiten du Iker Vallek, natura funtsezko elementu gisa hartuta askotariko teknikak eta materialak aztertuz. Berak serie bakoitza «ikasketa prozesu bat bezala» hartzen du, plastikoki nahiz pertsonalki.
“Naturaren bibrazioak” serieak ekarri dion irakaspen pertsonalaz galdetuta, «hobeto begiratzen, lasaitasunez begiratzen eta geldotzen» ikasi omen du, «azkartasunean» bizi garen honetan. Sorkuntza prozesua ere lasaia eta motela dela dio, «nahiz eta emozioetatik ateratzen den».
Okzitaniako Tolosan erakusketa bat itxi berri du Vallek, “Vers L'Impermanence”, Galerie 63th Avenue-n. Beste batzuk ere nabarmentzen ditu Ekain galeriak: “Bibrazio intimoak” (Portalea, Eibar, 2024) eta “Aware” (Sala tTok, Uztaritze, 2024). Talde erakusketa ugaritan parte hartu izan du eta hainbat sari eta egoitza artistiko lortu ditu, besteak beste, Ipar Euskal Herrian.
Altzoko Salbatore Deunaren elizak hartzen duen talde erakusketa batean ere parte hartzen ari da egun; zehazki. Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko erreferentziaren mila urteak ospatzeko “Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025” jarduera multzoaren barruan.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
