GARA
DONOSTIA

Donostiako gotzaina: «Jesusen Bihotza bakearen irudia da, ez ikur frankista»

Fernando Prado Donostiako apezpikuak azpimarratu duenez, Urgull mendiko Jesusen Bihotza «ez da ikur frankista, bakearen irudia baizik»; beraz, Eneko Goiak bezala, baztertu egin du Sinbologia Taldearen proposamena. Azpimarratu du monumentua «aho batez» onartu zela bere garaian eta ez zuela udal frankista batek bultzatu.

Jesusen Bihotza, Donostiako Urgull mendian.
Jesusen Bihotza, Donostiako Urgull mendian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Fernando Prado Donostiako gotzainak atzo adierazi zuenez, «harrigarria eta mingarria» da Urgull mendiko Jesusen Bihotzaren monumentua «ikur frankista eta diktaduraren gorazarrerako tresna» gisa aurkeztu nahi izatea, irudi horrek «maitasunaz eta bakeaz hitz egiten duenean».

Pradok, Eneko Goia alkateak aurretik egin zuen bezala, Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Taldeak egindako proposamenak baztertu zituen. Batzorde horretako kideek Udal Gobernuari eskatu zioten estatua hori ez konpontzeko, 75. urteurrena ospatzeko ekitaldiak ez antolatzeko eta Estatu espainolari eskatzeko memoria demokratikoaren aurkako elementuen katalogoan sartzeko.

Zortzi orrialdeko gutun batean, Pradok dio Urgull mendiaren tontorrean dagoen eskultura horrek «motibazio erlijioso eta herrikoi hutsari erantzuten diola, edozein propaganda politiko-alderdikoitik at». Gotzainaren esanetan, monumentua eraikitzeko ideia ez zen 1950ean sortu, 1926 inguruan baizik, eta, hala, «frankismo instituzionalizatua baino lehenagoko proiektua» dela argudiatzen du.

Sinbologia Taldeak, berriz, bere eskaeran aurkeztu zuen Udalak 1938an estatua eraikitzeko bere gain hartu zuen akta, apologia frankistaren kutsu nabarmenarekin.

«FRANKISMO INSTITUZIONALIZATUAREN AURREKOA»

Apezpikuak baieztatzen du ez dela egon eta ez dagoela erlijiosoa ez den sinbolorik estatuan edo inguruan, eta azpimarratzen du Donostiako Udalak aho batez baimendu zuela hura eraikitzea, «herriaren babes eta bultzada handiagatik».

Donostiako gotzainak, halaber, gogorarazi du inaugurazio ospakizunak «monumentuaren izaera» erakusten duela; izan ere, bere esanetan, Francisco Franco eta gobernuko edo Falangeko beste kiderik ez zen bertan izan, ez eta «erregimena goraipatzeko diskurtso politiko edota ikur partidistarik ere».

Bere ustez, «historiari begiratuta» argi ikus daiteke Jesusen Bihotza ez dela frankismoaren gorespena: «Hori baieztatzen dutenek ez dute kontuan hartzen hainbeste buletin, akta, artikulu eta liburu idatzitan jasotako dokumentazio zabala».

«Beraz, inferentzia okerra da, urteetan zehar «hiri-legenda» gisa hazi ahal izan dena, nahiz eta erabat faltsua izan», nabarmendu zuen. Bestalde, gotzainaren esanetan, «oroimen historikoak ez dakar erlijio-tradizioaren arrasto oro ezabatzea, iraganeko elementu bakoitza testuinguruan jartzea baizik».

Eraistea proposatu zuen Sinbologia Taldeak esan zuen Donostiako Udaleko Memoria Batzordeak proposamena errefusatu zuela eta beste kontraproposamenik ez diela aurkeztu. «Lantaldeak lanean jarraituko du Jesusen Bihotza memoria demokratikoaren aurkako sinboloen eta elementuen katalogoan sartzeko beste formula batzuk bilatzeko», iragarri zuten.