Euskara eta migrazioa: harrera duina eta sedukzio estrategiak hizpide
Migranteen harrerari eta euskararekin duten harremanari begiratu, eta arlo horretan dauden erronkak aztertu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Lakuako Gobernuak antolatutako «Ongi etorri euskararen mundura» jardunaldietan. Harrera egokia eta bizi-baldintza duinak bermatzea eta euskara modu erakargarrian sustatzea dira desafio nagusiak.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta, “Ongi etorri euskararen mundura” jardunaldiak burutzen ari dira egun hauetan Bilboko Arrupe Etxean, bi helburu nagusirekin: hizkuntza- harrerari buruzko ezagutza ekoiztea eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera-protokolo egokiak diseinatzea, erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko.
Kontseiluaren hitzetan, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren egungo erronketako bat euskal herritar berriak helburu hori lortzeko aliatu egitea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da horiei harrera egokia egitea.
Gaur egungo egoera nahiko kezkagarria da. Begirune Fundazioak 2023an argitaratutako txosten baten arabera, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen %85ek ez dakite «batere» euskaraz. Gainera, etorkinen %72k ez dute uste lan egiteko euskara behar dutenik, eta %50ek soilik uste dute euskaraz jakiteak komunitatean integratzea errazten duela. Hala ere, itxaropen izpi bat bada, %83k uste baitute garrantzitsua dela seme-alabek euskara ikastea.
EGITURAZKO OZTOPOAK
Egoerari buelta emateko ondo ezagutu behar dira migranteek Euskal Herrira iristean bizi dituzten egoerak, eta horixe azaldu zuen atzoko hitzaldietako batean Mikel Mazkiaran abokatu eta SOS Arrazakeriako kideak.
Hasteko, egungo harrera sistemaren gabeziak azpimarratu zituen, migratzaileek Euskal Herrira heltzean aurkitzen dituzten oztopoak gogora ekarriz: Etxebizitza lortzeko zailtasunak, lan duin bat lortzeko zailtasunak, ikasketak egiteko zailtasunak, erroldatzeko zailtasunak... «Atzerritarren Legearen ondorioz, kasu gehienetan, Euskal Herrira iristen den pertsona batek bi urte baino gehiago egin behar izaten ditu egoera irregularrean, eta horrek erabat zailtzen du integrazio prozesua».
Hala, gaur egungo sistemarekin harrera duin bat bermatzea «ezinezkotzat» hartuta, jarrera aldatzera deitu zituen erakundeak. «Erronka handia da, baina borondate politikoarekin konpon daiteke».
Azkenik, euskararekiko jarrerari buruz, migratzaileen artean euskararen ikaskuntza sustatzeko «sedukzio estrategiak» behar direla azpimarratu zuen eta euskara erabilgarri eta gertuko egiteko politikak aldarrikatu zituen.
PAKISTANDAR JATORRIKO EUSKALDUNA
Prozesua lehen pertsonan bizi izan duen Rizwan Ali “Jon”-ek ere hartu zuen hitza solasaldian. Pakistangoa da jatorriz. Bertan jaio baina gazte zela atera zen bizitza hobe baten bila, aurrena Greziara eta ondoren, Estatu espainiarrean egonaldi labur bat egin eta gero, Euskal Herrira. Duela ia 15 urte iritsi zen Azkoitira.
Kalean ikasi zuen euskara. «Bertako jendearekin hitz egiteko ikasi nahi nuen euskara. Egia esan, nahiko erraza egin zitzaidan. Galdezka hasi eta hitz solteak ikasi nituen, eta gutxinaka-gutxinaka, euskarazko elkarrizketak izatera heldu nintzen», esan zuen. Ibarrako Bizi Nahi jubilatu elkarteko tabernan lan egiten du orain, eta «tabernan jendeak niri gaztelaniaz hitz egin eta euskaraz erantzuten diedanean, harrituta geratzen dira».
Hala ere, Rizwanen kasua ez da ohikoena. Euskal Herrira iristen diren etorkin gehienak inguru erdaldun batera ailegatzen dira, eta horietan euskara ikastea ez da hain beharrezkoa izaten integratzeko. Horregatik, Mazkiaranek esan zuenez, euskararen normalizaziorako bidean, lehenik harrera egokia eta bizi-baldintza duinak bermatu behar dira eta, aldi berean, euskara ikasteko «sedukzio estrategiak» landu behar dira. Lan handia dago egiteko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
