GARA
DONOSTIA

Farmazietan egiten den GIB proba kopurua erdira murriztu dela ohartarazi du Lakuak

Osakidetzak eta Farmazialarien Kontseiluak ohartarazi dutenez, GIBa detektatzeko proba azkarren kopurua %50 baino gehiago jaitsi da farmazietan. 60 farmazia daude horretarako baimenduta, Bizkaisida, Sidalava eta Gehitu GKEez gain, eta Osakidetzako osasun-zentroetan ere badago analisia egiteko aukera.

GIBaren proba azkar bat, artxiboko irudian.
GIBaren proba azkar bat, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Osasun Sailak atzo ohartarazi zuenez, 2015 eta 2019. urteen artean, farmaziek 12.368 proba azkar egin zituzten GIBa detektatzeko, eta 2019 eta 2024 artean, berriz, 5.092 izan ziren. Beherakada horren aurrean, gogorarazi du gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egitea oso garrantzitsua dela.

Lakuak, Osakidetzak eta EAEko Farmazialarien Kontseiluak jardunaldi bat egin zuten zifra horiek bateratzeko, eta agerian utzi zuten pandemiaren ondorioz 2020tik aurrera gertatu dela beherakada, eta itxuraz oraindik ere hori da joera.

Datu horiek aintzat hartuta, gogorarazi zuten prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra funtsezkoak direla kaltetutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eta informazio-materialak eguneratu dituzte programa berrabiarazteko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 farmaziatan baimenduta dago GIBaren infekzioa 20 minutuan detektatzeko proba azkarra egitea. 2024an mota horretako 1.009 proba egin ziren; horietatik %16,7 Araban, %50,1 Bizkaian eta %31,2 Gipuzkoan.

Horien erabiltzaileen %80 inguru gizonak dira; batez beste 41,1 urte dituzte, eta %41,9 beste gizon batzuekin sexu-harremanak izaten dituzten gizonak dira. Egindako proba guztien %0,8k eman zuten positibo.

Farmazietan ez ezik, Bizkaisida, Sidalava eta Gehitu GKEen bidez ere egin daiteke proba. Bestetik, Osakidetzako osasun-zentro batera joan eta analisia egitea eskatzeko aukera ere badago.

Atzo jakinarazi zuten prebentzio-kanpaina berri bat martxan jarriko dutela, eta, besteak beste, farmazietan kartelak eta triptikoak izango dira ikusgai.

ERRONKAK: PREBENTZIOA ETA TRATAMENDUA

Ekimen honen sustatzaileek gogorarazi dute sexu-harremanetan preserbatiboa erabiltzeak berebiziko garrantzia duela prebentziorako. Horretaz gain, berriki txertatutako estrategia batzuk daudela azaldu zuten, hala nola esposizio osteko profilaxia edo esposizioaren aurreko profilaxia (PrEP), GIBa hartzeko arrisku handia duten pertsonei ematen zaien erretrobirusen aurkako sendagai bat.

Tratamenduei dagokienez, oraindik ez da birusa behin betiko ezabatuko duen sendagairik lortu. Gaur egun dauden antirretrobiralek birusaren ugalketa blokeatzen dute eta organismoan GIBaren aurrerapena geldiarazten dute.

Normalean, tratamendua diagnostikoa egiten den unean hasten da, bizitza osoan hartzen jarraitu behar da, eta horrekin lortzen da GIBa duten pertsonek birus-karga detektaezina izatea eta birusa ez transmititzea.