Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
CUATRO PAREDES

Denbora marrazten duen kamera

Lau horma. Kontzeptu sinple, baina indartsua: babesleku bihur daitekeen eremu itxia, baita isolamenduaren iturria ere. Metaforikoki, kartzela emozionala izan daiteke, sentimenduak giltzapetuta dauden lekua. Antzerkian, laugarren horma, ikuslearen eta eszenaren arteko pareta imajinarioa da.

Ibon Cormenzanak kontzeptu horrekin jolas egin du lan berrian. Sofia hamar urteko neskatoak aita bat-batean galdu eta amarekin bizitza berri bati aurre egin beharko dio. Elkarrekin, inoiz imajinatu ez duten errealitate baten aurrean aurkituko dira: egonkortasuna eta pobrezia bereizten dituen marra fina haien oinen azpian amiltzen ari da.

Hamabi plano sekuentziatan filmatuta dago; sekuentzia bat urteko hilabete bakoitzeko. Hautu hori ez da funsgabea: kamera une oro presente dago, baina ez du oztoporik eragiten, libreki jolasten da, eta bi pertsonaien arteko harremanaren marra marrazten du apurka; garapena indartu, denboraren pertzepzioa elikatu eta une emozionalak indartzen ditu.

Filmaren arima bi protagonistak dira: Sofia Oterok eta Manuela Vellesek lan ikusgarria egin dute, bereziki Oterok. Ederra da “Uda gau bateko ametsa” antzezlanarekin sortzen den harreman eta sinbologia.

Kanpoaldea ia ez da ikusten; hortaz, argiak eta argazkilaritzak garrantzi handia dute. Alejo Levis-ek sortu duen argi-jokoak bizitasun berezia ematen die eszenei: leihoetatik sartzen den argi naturalaren eta etxeko argi artifizialen arteko dantza, neskatxaren amets uneetako kolore biziak lagun, errealitatearen mugatik kanpo kokatzen direnak.

Aitor Etxebarriaren soinu-bandak aipamena merezi du: istorioari modu sotilean, eta inoiz irudien gainetik jarri gabe, laguntzen dion musika sortu du, une jakin batzuetan agertzen dena, sentimenduak isilpean areagotuz.