Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Samira Azzam

1967ko ekainean bere herrialdearen mugak bigarren aldiz aldatzen ikusi ostean (ehunka mila palestinar beren etxeetatik indarrez kaleratu zituen Israelek orduan), idazten ari zen nobela suntsitzea erabaki zuen Samira Azzamek. Liburuaren izenburua bereziki tragikoa egingo zitzaion Naksa edo 1967ko gertakarien biharamunean: “Sinai mugarik gabe”. Bi hilabete geroago errepide bidezko bidaia bati ekin zion Azzamek lagun batzuekin batera, Naksak utzitako errefuxiatuen testigantzak biltzeko asmoarekin. Azzam bera ere errefuxiatu bat zen Libanon, Nakba garaikoa. Al-Ramtha inguruan zebiltzala, Siriako mugatik gertu, bihotzekoak jota hil zen. 39 urte zituen idazleak.

Ghassan Kanafanik bere “irakasle eta gidari” izendatu zuen emakume honek ipuinak idatzi zituen eta bost bilduma argitaratu zituen bere bizitza laburrean. Ingelesetik arabierara hainbat fikzio lan ere itzuli zituen, literatur kritika eta kazetaritza jorratzeaz gain. Politikan ere nabarmendu zen: 1964ko maiatzean antolatu zuten Palestinako Lehen Kongresu Nazionalean Palestinako emakumeen ordezkari aritu zen beste zazpi emakumerekin.

Duela hiru urte Azzamen ipuin guztiak biltzen dituen bilduma argitaratu zuten ingelesez, “Out of Time” (Denboraz kanpo) izenburuarekin. Palestinarrek jasandako galera eta umiliazioaren isla dira ipuin horiek. Gaur bertan idatzitakoak ematen dute.