HERRI LIBRE BAT IZATEKO NAHIAK HARTU DU BILBO
Milaka lagun elkartu ziren atzo, Bilbon, Euskal Herria herri libre bat izan dadila aldarrikatzeko eta erabakitzeko eskubidea exijitzeko. Gure Eskuren ustez, «herri aitortzaren garaia» da parez pare daukaguna, eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea. Burujabetzaren alde, «esperantzaren militanteak» izatea dagokigula aldarrikatu zuten.

Herri libre bat. Herri libre bat aldarrikatu eta irudikatu zuten atzo milaka lagunek, Gure Eskuk Bilbon antolatutako mobilizazio nazionalean. Burujabetzaren aldeko aldarria erdigunera ekartzeko asmoa zuten, baita ezberdin pentsatzen dutenen arteko «topaleku» bihurtzekoa ere, eta lortu zuten. Hurrengo helmuga ere marraztuta dute dagoeneko: hitzetatik ekintzetara pasatzea.
Askotariko eragileen babesa jaso zuen deialdiak, eta atzo bertan izan ziren pankarta eusten Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria, Izortze San Martin EHUko irakaslea eta Xabier Euzkitze telebistako aurkezlea, esaterako. EAJtik Markel Olano eta Xabier Barandiaran ere izan ziren, EH Bildutik Pello Otxandiano eta Nerea Kortajarena ere bai, eta Ahal Dugutik Richar Vaquero eta Maite Gartziak ere parte hartu zuten.
Euskal ikurrak eramateko deia egin zuen Gure Eskuk, eta burujabetzaren aldeko herritarrek zintzo bete zuten etxeko lana, mobilizazioa Casillatik hasterako ikurrina eta Nafarroako bandera ugari baitzegoen. Palestinako banderak ere bazeuden, eta palestinar herriarekiko elkartasuna mobilizazio guztian zehar ikusi zen.
Autonomia kalera iritsitakoan hartu zuten ikurrek protagonismo handiena; «aurrez inoiz atera gabeko argazkia» egin nahi zutela aurreratu zuten antolatzaileek. 18.00ak jotzerako geldialdia egin zuten, eta egunean zehar banatutako ikurrak altxatzeko deia. Geldialdiko isiltasunaren ostean, aldarri zehatz batek zeharkatu zuen Bilbo: independentziaren aldeko oihua.
HITZ BAT: ESPERANTZA
Ibilbidean zehar herritarren emozioa igartzen bazen ere, udaletxe parean egindako amaierako ekitaldian sumatu ziren begi bustiak, Palestinako Sol Band taldeak eta Jon Maia bertsolariak eragindakoak.
Maiak testu bat errezitatu zuen; «nik esperantza daukat» esaldiarekin abiatu zuen hitzaldia eta zergatik duen azaldu zuen xehe bezain elegante: «Esperantza daukat Maravillas hil zuten herrian jotak euskaraz kantatzen direlako, Matalaz hil zuten herrian ikastola bat dagoelako, kuartela izan zen eraikinean gaztetxe bat dagoelako, edo muga bat ezarri zuten lekuan mugen aurkako zinema egiten delako; esperantza daukat sistema honek kalean eta goseak uzten duenari egunero afaltzen ematen dion jendea dagoelako...».
Hala ere, esperantzak konpromisoak, legeak, ardurak, gatazkak, borrokak, pausoak, balioak eta adostasunak behar dituela azpimarratu zuen, «baldin eta inoiz izango bada». «Gu geu izan gara, eta ez beste inor, herri hau iraganetik honaino ekarri dugunak, eta gu geu izango gara, eta ez beste inor, herri hau etorkizunera eramango dugunak. Garenok har dezagun bidea, gure esku dago eta», egin zuen aldarri. Eta, horri lotuta, Josu Etxaburuk ere horixe berretsi zuen gero: «Izan gaitezen esperantzaren militante».
Jarraian, Sol Bandeko kideak igo ziren oholtzara, eta manifestariek «Palestina askatu» oihu eginez erantzun zieten. Hitza ere hartu zuten musikariek eta Gazatik helarazi nahi duten mezu argia plazaratu zuten: «Genozidio telebisatu bat bizitzen ari gara, eta ikusten dugu zuek Euskal Herrian egiten duzuen guztia. Eskerrik asko. Bihotz barruraino iristen zaigu egiten duzuen gauza bakoitza». Euskal Herrira iritsi berriak direla esan zuten, eta oso eskertuta daudela, «guregatik eta zuengatik egiten duzuen guztiagatik. Ahots libre guztiei eskerrik asko esaten diegu». Bertantxe lehertu zen Bilbo.
«HERRI SUSPERRALDIA»
Etxaburu eta Irantzu Perello arduratu ziren ekitaldia biribiltzeaz, eta helmuga argi dutela esan zuten: «Bere etorkizuna erabakitzen duen herri burujabe bat izatea». Atzo Bilbon egindako mobilizazioa burujabetzaren aldeko borrokari emandako «bulkada garrantzitsua» zela nabarmendu zuten berriz ere: «Herri bizi bat irudikatu dugu. Herri bat martxan. Aske eta burujabe bizi nahi duen herri bat, aurrera egin nahi duen herri bat».
«Baliatu dezagun garai politiko hau herri gisa suspertzeko, pizteko, bizkortzeko, eta burujabetzaren eskaileran gora eginez solairu berri batera iristeko» aldarrikatu, eta gaineratu zuten lurralde guztietan dagoela «gora» egiteko aukera: «Euskal Herriko lurralde guztietan erabakitzeko ahalmena handitu eta erabakitzeko eremuak irabazteko aukera daukagu».
Gure Eskuren esanetan, «herri aitortzaren garaia» da parez pare daukaguna, euskal selekzioarena, euskara euskal lurralde guztietan ofiziala egitekoa, eta herri gisa errespetatuak izateko garaia. «Orain da momentua», esan zuten: «Eguneroko bizimodua hobetzeko, erronka globalei aurre egiteko; bazterkeriarik, zapalkuntzarik eta injustiziarik gabeko gizarte bat eraikitzeko; feminismoaren bidez gizartea eraldatzeko; euskarari eta euskal kulturari etorkizun oparoa bermatzeko…»
Zertarako, baina, burujabetza handiagoa? Larrialdi linguistiko eta kulturalari aurre egiteko, esaterako, «funtsezkoa da euskaldunen hizkuntz eskubideen aitortza euskal lurralde guztietan», baieztatu zuten. Eta, horrekin batera, bizi baldintzak duintzeko ere garrantzitsua dela nabarmendu zuten: «Sektore publikoko lan baldintzak hobetzeko gaitasuna izateko, edo kanpoko menpekotasunik gabeko politika fiskal eta ekonomikoak garatzeko, edo etxebizitza eskubidea bermatzeko, edo indarkeria matxistari bitarteko berriekin aurre egiteko, edo soldata arrakala konpontzeko».
Hori guztia betetzeko, egungo estatus politiko-juridikoak «berritzeko» garaia heldu da, Gure Eskuren iritziz. Euskal lurralde guztietan bizi diren herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko beharra azpimarratu zuten; «baita erabakitzeko eskubidea gutxiesten dutenenak ere».
URRATSAK ETA AKORDIOAK
Urratsak egiteaz hitz egiten denean, ordea, hitzekin ez dela aski azpimarratu zuten. «Nahi dugun herria eraikitzeko atakan gaude», baieztatu zuten, eta «momentu historiko» honetan euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen duten «akordio eta erabakietara pasatzeko unea» dela nabarmendu.
Herri gisa aurrera egiteko Euskal Herri osoko «lankidetzan sakondu eta botere gune berri bat sortzea» proposatzen dute. «Eztabaidak, proposamenak, akordioak eta erabakiak plazara ekarri behar dira, orain, geroko utzi gabe», ohartarazi zuten. Erakundeek, eragileek eta herritarrek, guztiek dutela «ardura» berretsi eta, lurraldea bezalaxe, erabakiak josteko deia egin zuten: «Milaka herritar prest gaude burujabetzaren haize-errota hauspotzeko eta gure herriaren oihal zatikatua josteko. Haizea gara, jostunak gara».
Mobilizazio osoan gertatu zeb bezala, Etxaburuk eta Perellok ere Palestina gogoan izan zuten. «Elkartasunezko besarkada bat» helarazi zioten Palestinari eta munduko herri zapalduei.
Adierazi zuten nazioarteko «egoera korapilatsuari» erreparatuta ere burujabetza handiagoaren beharra dagoela: «Haize atzerakoiek gogor jotzen diote demokraziari, eskubide zibil, politiko eta sozialei eta egiari eraso eginez, non nazioarteko komunitatea ez den gai Europan bertan inbasio batek eragindako gerra bat amaitzeko, ezta Gazaren kontrako genozidioa geldiarazteko ere». Hala, Euskal Herria herri gisa nazioartean kokatu beharraz mintzatu ziren.
Atzoko egunean ekitaldi nagusia arratsaldeko mobilizazioa izan bazen ere, beste hainbat ekimen izan ziren egun osoan Bilboko erdigunean: bertso saioa egin zuten Santiago plazan; bertan izan ziren Porrotx, Marimotots eta Zapotxin ere. Plaza Barrian castellersak jardun ziren. Izan ere, espazio ezberdinetatik eraiki behar da erabakitzeko eskubideranzko bultzada. Atzo Bilbo horren adibide izan zen.

La Seguridad Nacional impulsa la «batalla del relato» en Euskal Herria

HERRI LIBRE BAT IZATEKO NAHIAK HARTU DU BILBO

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»

Gaztetxo frankistak, lotsagabe
