Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SIRÂT

Irudien eta soinuen dantza hipnotiko eta basatia

Biziki zaila da hain sentsoriala eta fisikoa den obra bati buruzko kritika idaztean hitz egokiak aurkitzea. “Sirât” filma dardarka uzten duen esperientzia da; usaindu, sentitu eta ukitu daitekeen proposamen bat.

Gizon bat eta bere semea Marokoko mendietan galdutako rave batera iristen dira, desagertutako alaba eta arrebaren bila. Etsiak jota, ravero talde bati jarraitzea erabakiko dute, basamortuan ospatuko den azken festa baten bila, desagertutako neska bertan aurkitzea espero baitute.

Filmaren egitura bi ataletan banatuta dago. Lehenengoa magistrala da: pultsu sendoz aurkezten ditu pertsonaiak, gatazka modu organikoan ezartzen du, eta giro itogarri bezain iradokitzailean murgildu. Orduan filma erdibitzen duen zerbait gertatzen da. Eta une horretatik aurrera hasten da bigarren zatia: bisualki bortitza da, narratiboki liluragarria, basamortuaren basakeriaz elikatua. Baina hor zalantzak agertzen hasten dira; zati hau gehiegi luzatzen da eta une batzuetan efektistegia da.

Sergi Lopezek eta Bruno Nuñezek lan bikaina egiten dute. Hala ere, antzezpenen alorrean, deigarriena aktore ez profesionalen presentzia da: euren aurpegiak eta gorputzen egia gordinak pisua dakarte pantailara. Denek emanaldi sinesgarri eta zintzoak eskaintzen dituzte, nahiz eta bizpahiru eszenatan esperientzia falta nabarmena izan.

Argazki zuzendaritzaren eta soinu diseinuaren arteko dantza hipnotikoa da. Super 16 mm-ko irudiek paisaiaren idortasuna eta emozio sakonak poetikoki ehizatu dituzte. Soinuaren eta musikaren erabilerak, berriz, hitzak isilarazten ditu: bibrazioz eta zarataz eraikitako mundu harrigarria sortu dute

“Sirât” Marokoko mendietan barrena hedatzen den bidaia mistiko, kontenplatibo eta basatia da.