H.L.A.
SURFA

Jacob Wilcox eta Francisca Veselko txapeldun, CS itzuliko lehen txapelketan

Jacob Wilcox australiarrak eta Francisca Veselko portugaldarra gailendu ziren Newcastlen, Challenger Series itzuliko lehen proban.

Keoni Lasa, txanda ostean, autografoak sinatzen.
Keoni Lasa, txanda ostean, autografoak sinatzen. (WSL)

Challenger Series itzulia Australian hasi da, eta Newcastleko olatu bihurrietan garaipena erdietsi zuten Jacob Wilcox eta Francisca Veselko buru jarri dira CS rankingean. Euskal ordezkaritza ere izan zen Burton Automotive Neuwcastle Surfest txapelketan, baina denak hirugarren errondarako kanporatuak izan ziren.

Gonzalez Etxabarri ahizpak, Janire eta Annette, lehen errondan bota zituzten, eta Nadia Erostarbe bigarrenean. Mutilen kategorian, puntuazio altuak jaso arren, Adur Amatriain, Keoni Lasa eta Yago Dominguez bigarren errondan kanporatu zituzten.

Newcastleko txapelketa itzuliko lehena zenez, eskuratutako emaitzen arabera osatu da rankinga. Hortaz, Amatriain, Lasa eta Dominguez postu berean dira, 700 punturekin. Hau da, 33. postua eta eta 48. postuen artean. Nesken rankingean antzeko postuetan dira Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri, 700 punturekin. Erostarbe da puntu gehien dituen euskal surflaria, 1.900 punturekin, 21. postuan.

Newcastleko irabazleak buruan dira CS rankingean. Mutilen kategorian Kauli Vaast frantsesa aurkitzen da bigarren postuan, eta hirugarren postuan, berdinduta, Matthew McGillibray hegoafrikarra eta Ryan Callinan australiarra daude. Nesken rankingean bigarren postuan da Sally Fitzgibbons australiarra, eta hirugarrenean, Tya Zebrowsky frantsesa eta Teresa Bonvalot portugaldarra daude. Lehen postuetan diren lehiakide asko CT mailan egiten den denboraldi erdiko mozketaren ostean kaleratutakoak dira.

CS ITZULIA

Ekainetik urrira bitartean 80 mutil eta 48 neska lehiatuko dira lehen mailara igotzeko. Denera, bost txapelketa izango dira eta lau emaitza hoberenak hartuko dira kontuan. Zirkuitua amaitu ostean, mutilen rankingeko lehen 10 sailkatuek eta nesken rankingeko lehen 5 sailkatuek eskuratuko dute 2025ean lehen mailan lehiatzeko tokia.

Newcastleko txapelketaren ostean, Hegoafrikara bidaiatuko dute CSko lehiakideek. Uztaileko lehen astean Ballito hondartzan izango dira. Ondoren AEBra joko dute. Huntingtonen izango dira uztailaren 26tik abuztuaren 3ra.

CS itzuliko lehen hiru txapelketak hondartzetako olatuetan lehiatuko dira. Laugarrena Portugalgo Ribeira D’Ilhasen izango da, baldintza normaletan eskuin luzeak eskaintzen dituen urautsian. Eta azkena Brasilen izango da, Saquaremako hondartzan.