«Rameauren iloba» mintzo
Elon Musk ez omen da jadanik Trumpen laguna baina, zalantza izpirik gabe, egun mundua gobernatzeko erabiltzen ari den eredu politiko nabarmenena autokrazia da, non botere politikoa pertsona bakar baten eskuetan, edo elite txiki baten menpean, dagoen.
Ezin esan, beraz, AEBn gobernuz kanpoko egiazko kontrolik edo legeekiko menpekotasunik dagoenik autokrata batek, Trumpek berak, erabaki guztiak hartzen dituelako, eta ez dago haren aurkako erakunde demokratikorik edo herritarren parte hartze errealik.
Historikoki monarkia absolutua eta diktadura gisa agertu izan dena autokrazia dugu sasoi hauetan. Hau da, boterearen kontzentrazioa dela medio, elite txiki batek hartzen ditu erabaki garrantzitsuak eta agintariak mugarik gabe gobernatzen du. Hau adierazpen askatasunik ezaren gainean oinarritzen da, baita errepresioan eta kontrol sozialean ere.
Bere garaian, Denis Diderot absolutismoaren etsaiak, “Rameauren iloba” izeneko nobelan, honako baieztapen hau egotzi zion Frantziako ministro bati: «Herriei ez zaie ezer onuragarriagorik gezurra baino, ezer ez da egia baino kaltegarriagoa». Esakune horrek, antza, gezurraren eta egiaren artean alderik ez dagoela dioten egungo agintari asko inspiratu ditu.
Bide horretatik, agintaria herrialdearen ordezkari bakar gisa aurkezten da eta, ondorioz, egiaren jabe. Baina, aurretik esandakoaren kontra, nobelako beste pertsonaiak, suposatzen da Diderot bera dela, zera adierazten du: «Aipatu duzuen ministroari gustatu ala ez, nik uste dut gezurra aldi baterako erabilgarria izan badaiteke ere, nahitaez dela kaltegarria luzera begira; eta, aitzitik, egia baliagarria dela nahitaez luzera begira, nahiz eta gerta daitekeen une jakin batetan kalte egitea».
Nola aurre egin autokraziari, bada? Bistan da pentsamendu kritikoa eta independentea babestu beharra dagoela desinformazioa eta propaganda autokratikoa salatzeko. Garrantzitsua da, halaber, herritarren eskubideak eta askatasunak babestea, baita boterearen abusua salatzea eta geldiaraztea ere. Muga zergak edota Israeli emandako babesa izan arren.
Ez dugu ahaztu behar Diderotek despotismoari egiten zion kritika ilustratua, funtsean, talde lan baten emaitza izan zela botere absolutuaren indibidualismoaren aurrean. Entziklopedia egitasmo kolektiboa izan zen, eta Ilustrazioak Errenazimentuarekiko zuen elementu bereizgarria talde lanaren bideraketa ere izan zen.
Errenazentistek subjektuaren sormen gaitasuna bakardadean goraipatzen bazuten, modernitatearen ezaugarri nagusia lankidetza da.
Denis Diderotek, Ilustrazioaren garaiko pentsalari gisa, absolutismoaren aurka idatzi eta argudiatu zuen, boterea pertsona bakar baten eskuetan uztearen aurka. Haren ustez, botere politikoaren helburua herriaren ongizatea ziurtatzea zen. Diderotek argi utzi zuen monarkak ez zuela botere absoluturik izan behar, baizik herriaren aurrean erantzule izan behar zuela.
Bere idazkietan eraso egin zien boterearen abusuei eta, pixkanaka, monarkaren legitimitatea bera ere zalantzan jarri zuen, tiranoa izan edo «letren gizona» izan. Adibidez, 1771n, Federico II.aren aurka idatzi zuen, «despota onuragarri» eta ilustratuen mezenas ezagunaren kontra. Honela, Diderotek monarkaren agintaldia kritikatzen zuen, baita boterearen legitimazioa ere.
Haren ustez, «subirano egiazko bakarra nazioa da; ez da egon behar beste aginterik herriarena baino». Monarkak herriaren aurrean erantzun behar zuela bere ekintzetan uste zuen. Horrenbestez, Denis Diderotek absolutismoaren aurka egin zuen modura, gaur egun demokraziaren eta herritarren parte hartzearen aldeko argudioak erabiltzen eta boterearen banaketa eta kontrola defendatzen segitu beharra dago autokrazia garaiotan.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
