Jon GARMENDIA
Idazlea

Sisifo

Buelta eta buelta ez ote gabiltzan aldarri berarekin, ahotsa urratuz, eskean, honetan eta horretan, hemen eta han. Berdin du zein gai lotzen diozun esaldi honi, askatasuna herri gisa, ikastoletan irakasle gehiagoren premia, hizkuntzaren ofizialtasuna, euskararen eskubideena, izan daiteke lantegiaren egoerak sortutako kezkak bultzatua, lanpostuaren defentsa, laneko duintasuna, osasun arloko zaintza, etxekoa, zahar etxeen eskaria, gaztetxeena, txosnen ondarearena, eta horrela infinitura. Baina buelta eta buelta, Sisifo ematen dugula. Gogoratzen? Korintoren fundatzailea izan zena infernura kondenatu zuten, aldapan gora harritzar bat eramatera zigortu, punta zorrotzeko aldapa, hain pikoa izanki gailurrera arribatu aitzin harria gainbehera etortzen zitzaiola, eta beti berriro hastera derrigortu zuen horrek Sisifo. Hala erabiltzen dugu egun bere metafora, sekula amaitu gabeko lanak identifikatzeko, eta hemen, euskaldunon herrian, baserri bateko lanen parekoak dira aldarriak, amaiezinak. Baina beharrik, eskerrak erranen dut, aldarriari eusteak ematen digulako zera diferente hori, gainontzean Coca-Cola bezain berdintsua litzatekeelako gure etorkizuna munduari beha. Eta Sisiforen aipuak, Albert Camus handiaren liburua ekarri dit gogora, ‘‘La Mythe de Sisyphe’’; bada bertan zer ikasi, hasteko esaldi hau: «Ez da justiziaren bila joateak askatasuna mantenduko duen ala ez. Kontua da jakitea askatasunik gabe ez dugula ezer lortuko, eta etorkizuneko justizia eta antzinako edertasuna galduko ditugula».