GARA
DONOSTIA

Anton Abadiaren biografia euskaratu eta berrargitaratu dute

Iñigo Sagarzazu Altunak Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak. Euskarara eta frantsesera ekarri dute ikerlari hondarribiarrak geografo, hizkuntzalari eta euskaltzale handiaz idatzi zuen liburua.

Abadiaren biografia berrargitaratua aurkeztu zuten atzo Aldundiak eta Elkarrek.
Abadiaren biografia berrargitaratua aurkeztu zuten atzo Aldundiak eta Elkarrek. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Iñigo Sagarzazu Altunak (Hondarribia, 1963-2004) Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan, Abadia Sariaren 25. edizioa ospatzeko antolatutako egitarauaren barnean. Euskarara eta frantsesera ekarri duten obra atzo aurkeztu zuten. Iñigo Sagarzazuk “Abbadie. El sabio y su tiempo” izenburupean 1997an argitaratu zuen Abadiaren biografia gaztelaniaz, hamar urtez ikertzen jardun ondoren. Fikziozko ikus-entzunezko bat prestatzen ere luze aritu zen. Lan hura 1988an filmatu zen Abadia jauregian Hendaian eta Villabonan, baina, hainbat arazo tarteko, amaitu gabe geratu zen. Sagarzazu 2004. urtean hil zen eta liburuaren maketa zein irudiak galdu egin ziren. Berreskuratzen lan nekeza egin ondoren, ordea, 2019an berrargitaratu zen, edizio txiki batean. Orain Aldundiak eta Elkar argitaletxeak berrargitaratu dute, aurreko edizioko aleak bukatuta egonik, «Abadia gogoangarriaren biografia honen kalitatearen aitortza» egiteko asmoa dutelako.

BERRESKURATU ETA EZAGUTARAZI

Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak aipatu zuenez, 25. edizio honetan, sariari berari garrantzia instituzional handiagoa emateaz gain, Anton Abadiaren historia eta hark egindakoak «berreskuratu eta ezagutarazi» nahi izan dituzte.

«Haren bizitzako ibilbidean egindako lana XXI. mendera ekarri nahi genuen, berrikuntza eta euskara, tradizioak eta esploratu gabeko muga berriak, uztartu zituelako. Gaur egun, bizi-bizi, esku artean ditugun tresna eta balio berak baliatzen zituelako hein handi batean, hizkuntza biziberritzeko ahaleginean», esan zuen.

Helburu horrekin «bete-betean» bat egiten du biografiaren berrargitalpenak, Mendizabalen iritziz. «Ezkutuan gera zitekeen pertsonaia bat iraunarazi du» Hondarribiko ikerlariaren lan ederrak eta, horregatik, aitortza eta esker on hitzak izan zituen, Iñigo Sagarzazu zena omenduz. Baita haren familiarentzat ere, liburua «bizirik» mantentzeko urtetan egindako ahaleginarengatik.

HEZUR-HARAGIZKO ABADIA

«Honako hau Abadiaren biografia zorrotz, gaurkotu eta oso erakargarria da. Denboraren poderioz jakintsu haren irudia pixka bat zurrunduta geratu da, nahitaez. Iñigo Sagarzazuk, aldiz, hezur eta haragizko Abadiarengana hurbiltzen gaitu. Seguruena hori da liburu honen sekretuaren giltzarria», nabarmendu zuen Martin Ansok.

Iñigo Sagarzazuren lanaren euskarazko itzulpena Zuriñe Barrerek egin du eta frantsesezkoa, berriz, Celine Escorrouk, biak ala biak Tisa etxeko itzultzaileak.

Anton Abadia (1810-1897) geografoa, astronomoa, hizkuntzalaria, etnografoa eta beste hainbat alorretako aditua izan zen. Hain zuen jakin-min handia, ezen diziplina gutxi egin zitzaizkion arrotz. Izan ere, usadio zaharreko jakintsua izan zen.

«Urrutikoa interesatu zitzaion, eta Niloko iturburuak aurkitzea izan zuen bizitzaren ardatz, baina hurbilekoa inolaz ere ahaztu gabe; horren lekuko da euskara sustatzeko egin zuen funtsezko lana. Denboraren joanarekin haren lorpen zientifikoek distira galdu dute, baina haren biografia harrigarria da. Hendaian eraikiarazi zuen jauregia bezain harrigarria», azaldu zuen Aldundiak ohar batean.