GARA
GASTEIZ

Araba Euskaraz Pradon, Mendizorrotzan eta Armentian egingo dute igandean, Olarizuren egoera txarrarengatik

Igande honetan ospatuko da Araba Euskaraz.
Igande honetan ospatuko da Araba Euskaraz. (Raul BOGAJO | FOKU)

Igande honetan Araba Euskaraz egingo da Gasteizen, Prado parkearen, Mendizorrotzaren eta Armentia Ikastolaren artean, “Etengabe” leloarekin. Olarizuko lorategietan antolatua zuten, azken urteetan ohitura zen bezala, baina lorezainen grebaren eraginez espazio hori ez dago eroso ibiltzeko moduan, belarrak eta sasiak nabarmen hazi baitira.

Baldintzak aztertu ondotik, jaia lekuz aldatzea erabaki du antolakuntzak. Dena den, aurreikusitako ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako dituztela ziurtatu dute.

Atzo egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Bastida Ikastolako ordezkariak, Ketxu Bedialauneta zuzendaria buru, ikastola honi laguntzeko asmoa baitu aurtengo hitzorduak. Azaldu zuten Olarizuko espazioak ez dituela jaia ondo egiteko «bermeak betetzen» eta horregatik mugitu dutela eszenatokia. Hala, ibilbidea hiriaren hegoaldean mantenduko da, baina kokaleku urbanoagoa izango du, 2019ko jaialdian egin zuten bezala.

Bestalde, igande honetako jaira bizikletaz edo oinez joateko deia egin zuten antolatzaileek, ordurako hasia izango baita Azkena Rock jaialdiaren muntaketa eta ez baita erabilgarri izango Mendizabalako aparkalekua.

EGITARAU EDERRA

Araba Euskarazen hiru agertokietako bat, Lautada Gunea, Armentia Ikastolaren patioan jarriko dute, txikienentzako eskaintzarekin. Go!azen, Argitxoren Txokoa, Asier Kidam magoa, Dantza Plazan eta Arabako ikastoletako ikasleen “Etengabe Txoua” izango dira.

Gainera, Mendizorrotzako aparkalekuan kokatuko da Mendia Gunea. Akerbeltz, Izaki Gardenak, Pluk eta Zilibito Recordsen kontzertuak, Haurren Basoa eta herri kirolak kokatuko dira han.

Prado parkean -hau ere lorezainen grebaren eraginpean- Erreka Gunea paratuko dute. Trikoma, Marte Lasarte, Modus Operandi, Rosamari DJ eta Monkey Tximinok joko dute eta “Hazten eta Jolasten” tailerrak ere izango dira.