Batere arraroa ez den zerbait
Trumpen eta Musken arteko uztarri xelebreak zart egin eta bi idiak elkarri adarka hasi ziren eguntzat gogoratuko da efemerideetan 2025eko ekainaren 5a. Horrexegatik, azalekoa eta kontingentea dena nola jar daitekeen sakonekoa eta iraunkorra denaren gainetik erakusten duen eguntzat ere hartu behar genuke, beharbada. Oso bestelako zantzuekin hasi baitzen eguna. «Pijamadunen solasa» deitu nion, neure artean. Urteko egunik luzeenetakoa izan arren, egunabarra izango baitzen oraindik Etxe Zurian, eta gaualdia jada Zhongnanhain, Trumpen eta Xiren arteko elkarrizketa hasi zenean. Endredo gehixeagokoa, seguruenik, goiz jaiki behar izan zutenentzat (gauza jakina da, hala ere, oso garaiz txioka hasten den txoria dela Trump; bestelako kontua da alboan izango zituenena), agian ohi baino beranduxeago oheratuko zen Xirentzat baino.
Baina zerbait nahi duenak zerbait jarri behar izaten du, eta agintean daramatzan lau hilabete eta erdiak eman ditu Trumpek zuzeneko hori eskatzen. Solasa amaitu bezain azkar, Txinako hedabideek bat-batera argitara eman zuten albiste telegrafikoak zioen gauza bakarra zen Estatu Batuen eskabidez egina zela elkarrizketa. Ondorengo orduetan sutu zen zalapartarekin, AEBren aldetik besterik jakin gabe geratu ginen interesdunok.
Hurrengo egunotan izpika aditu ahal izan dugunez, duela lau aste Genevan egindakoari aste honetan Londresen jarraipena ematea adostu zuten Xik eta Trumpek. Mahai gainean, USAk dioenez, «lur arraroak». Muga zergak beste baterako baleude bezala.
Zerbait arraroa gertatzen ari dela «lur arraroekin» pentsa dezake norbaitek. Baina 31 eskutik duen edozein muslarik egiten duena besterik ez da egiten ari halakoei sistematikoki «metal estrategikoak» deitzen dien Txinak. Edo nahiago baduzu: teknologia jasoeneko txipekin AEBk oraintxe bertan Txinari egiten diona (arrakasta eskas samarraz, antza).
Neodimiozko imanak behar direnean, ez baitu kalaminak balio. Eta abar.

Sánchez Corbí, de la UCO a Acciona; una «puerta giratoria» a seguir

Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak

Periodismo en tiempos de maraña golpista

Bruce Springsteenek gogoz besarkakatu ditu euskal zaleak
