Euskal zinemaren ondarea aro digitalera ekartzeko apustua
«Ehun metro» (Alfonso Ungria, 1985), «Zergatik panpox» (Xabier Elorriaga, 1985), «Hamaseigarrenean, aidanez» (Anjel Lertxundi, 1985) eta «Oraingoz izen gabe» (Jose Julian Bakedano, 1986) euskarazko film klasikoak zaharberritzen ari dira Boloniako laborategi batean, Lakuaren, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren elkarlanez. Irailean Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emanen dituzte lau film hauek.

Lakuak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, “Hamaseigarrenean, aidanez” (Anjel Lertxundi, 1985), “Ehun metro” (Alfonso Ungria, 1985), “Zergatik panpox” (Xabier Elorriaga, 1985) eta “Oraingoz izen gabe” (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainen zaharberritzea finantzatu du 80.000 euroko aurrekontuarekin. Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango dituzte heldu den irailean.
Proiektua Tabakaleran aurkeztu zuten atzo. Ibone Bengoetxea (Lakuako lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua), Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Vanesa Fernandez (EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria) eta Jose Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria) izan ziren. Baita lau filmen zuzendariak, Anjel Lertxundi, Alfonso Ungria, Xabier Elorriaga eta Jose Julian Bakedano, eta Arantxa Urretabizkaia “Zergatik panpox” eleberriaren idazlea ere.
«Honelako proiektuek gure iraganari etorkizuna ematen diote, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna ematen diote», adierazi zuen Bengoetxeak. Bestalde, Joxean Fernandezek azaldu zuen proiektu hau erakundeen arteko elkarlan estuan gauzatzen ari dela eta etorkizunerako bidea markatzen duela. Hala, beste lau lan zaharberrituko dituzte, «mailarik gorenean, euskal ondare zinematografikoa aro digitalera ekartzeko».
Nabarmendu zuen proiektuaren bidez esker ona erakutsi nahi dietela euskaraz aitzindariak izan ziren zinemagile batzuei. Era berean, «gure literaturak euskal zinemaren inspirazio iturri gisa duen garrantzia erakusten du proiektuak, eta gure klasiko zinematografikoak nazioartekotzeko beste ahalegin bat da».
Zaharberritzean parte hartzeaz gain, EITBk pelikulen errehabilitazio prozesua jasoko du “Itzalak argitzen” dokumentalean (Berde Produkzioak eta Koldo Almandoz). Bertan, «istorioetako benetako eta fikziozko espazioak agertuko dira, eta zaharberritze prozesua ikusiko da», esan zuen Vanesa Fernandezek.
Rebordinosen arabera, euskarazko zinemaren gaur egungo egoerak ez du zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Orain Donostia Zinemaldian eta antzeko jaialdietan gero eta ohikoagoak eta ugariagoak dira euskaraz egindako filmak, mundu osoko ekoizpenekin lehian. «Horregatik, ekimen aitzindari hartako lana ohoratu nahi dugu».
ZINEA, EUSKARAREN BEGIETARA
Filmen zuzendariak pozik azaldu dira. Uztaileko lehenengo astean bidaiatuko dute Boloniara, zaharberritze lanak gainbegiratzeko. Alfonso Ungriarentzat, «filmak berreskuratzea da filmategien lanetan esanguratsuena; jendeak edozein film aurkitu dezake filmategietan».
Anjel Lertxundik gogora ekarri zuen filmak estreinatu ziren garaian, duela ia 40 urte, «urrats handiak» egin zirela literaturan, musikan eta antzerkian. «Une jakin batean zinema euskararen begietara ekartzea ere lortu genuen».
Xabier Elorriagak kontatu zuen «gidoilari edo zuzendari gisa ia prestakuntzarik gabe» abiarazi zuen proiektu batera itzultzea esan nahi duela berarentzat “Zergatik panpox” zaharberritzeak.
Jose Julian Bakedanok azaldu zuenez, “Oraingoz izen gabe” sortu zuen «talde euskaldun hark ahalegin handia egin behar izan zuen euskarazko fikzioa filmatzeko, zuzeneko soinuarekin eta teknikari talde britainiar batekin, eta emaitza arrakasta hutsa izan zen».

TXETXU BARRIOS LIBRE DA, 27 URTEKO KARTZELALDI OSTEAN

Otegi y Esteban advierten de que ya «no vale» con la amenaza de PP-Vox

Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak

Periodismo en tiempos de maraña golpista
