GARA
BILBO

Euskararen erabilera sustatzeko biltzarra iragarri du Pradalesek

Imanol Pradales lehendakariak atzo iragarri zuen ekitaldi jendetsu batean: 2027an euskara biziberritzeko kongresu bat egingo da. Irailean hasiko dira prestaketa lanak. Gizarte osoari, erakundeei eta alderdiei dei egin zien parte har dezaten, «jauzi kualitatibo» baten bila.

«Jauzia gara» lelopean ekitaldi jendetsua egin zuten Bilboko Azkuna Zentroan.
«Jauzia gara» lelopean ekitaldi jendetsua egin zuten Bilboko Azkuna Zentroan. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Bilbon, 270 lagunen parte hartzea izan zuen ekitaldi batean, «euskara biziberritzea» asmo duen kongresu baten berri eman zuen Imanol Pradales lehendakariak, 2027. urterako. Agintari espainiarren aldetik jasaten dituen erasoak aipatu zituen, batetik, eta erabilera indartzeko premia, bestetik.

Bilbon bildutako erakundeetako eta euskal gizarteko sektore guztietako ordezkariei zuzendu zitzaien lehendakaria, «herriaren erronka estrategikoetako bati erantzuteko» laguntza eske. Ohartarazi zuen euskara «bidegurutze» batean dagoela eta «norabide eta bultzada berri bat» behar duela. Eta «elkarrekin egitea» eskatu zuen: «Denon atxikimendua, inplikazioa eta adostasuna behar ditugu».

Erabilerarekin kezkatuta agertu zen Lakuako gobernuburua; baina ezagutza mailarekin, pozik. Aipatu zuenez, bost urtetik gorako herritarren artean ia 898.000 dira euskara ondo ulertu eta euskaraz hitz egiteko gai direnak, 1991n 532.000 zirela gogoratuz. «Ia 366.000 pertsona gehiago gara gaur egun», goraipatu zuen. Gazteen artean izan den «gorakada handia» nabarmendu zuen, «piramidea irauli baita». «2011n 30 urtetik beherakoen %66,2k zekien euskaraz, eta gaur egun ia %80k», adierazi zuen. «Horrek konfiantza eta aurrera egiteko gogoa piztu behar dizkigu».

Txanponaren beste aldeari begira jarrita, «euskararen biziberritzearen eta etorkizunaren alderik handiena gure etxeetan, eskoletako jolastokietan edo lantokietan jokatzen» ari dela ohartarazi zuen Pradalesek, erabilera mailaren moteltzea seinalatuz.

Galdera zintzoak egiteko eskatu zuen: «Gure itxaropenak proportzionalak al dira? Erantzun bakarra eman al dezakegu, baldin eta lurralde guztietan euskararen errealitatea desberdina bada? Zergatik ez dute euskara ondo dakiten bi pertsonak haien artean erabiltzen? Zer eragin izango du migrazioak ezagutza eta erabilera mailan?». Eta honakoa: «Zergatik ikusten du euskara elementu negatibo gisa gizartearen zati batek?».

1956KO BATZARRA

Gogora ekarri zuen, kongresu berri honen aurrekari modura, 1956ko I. Euskal Mundu Batzarra, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuena, hizkuntza gutxitu askorentzat une «kritikoa» bizi zenean.

«Gure aurrekoek asmo handiko helburutzat hartu zuten euskara salbatzea, arautzea eta modernizatzea. Zorionez, egindako lan handiari esker, lortu zuten. Balentria horrek funtsezko bi zutabe izan zituen: erakundeen apustua eta, batez ere, gizartearen aktibazioa. Batak bestea elikatu zuen», adierazi zuen.