Gaizki pentsatzeko arrazoiak
Duela aste batzuk Oronozen LHko zentro berria eraikitzeko akordioa sinatu zen; Baztan-Bidasoko eskualdearentzat lorpen garrantzitsua zalantzarik gabe. Hau horrela, pentsa daiteke hezkuntza departamentuarekin izan dugun eztabaida amaitu dela.
Kontrara, departamentuak erabaki harrigarri bat hartu zuen proiektua diseinatzerakoan. Erdi mailako Natur inguruneko eta Aisialdiko gidari zikloa eskola berriaren eskaintzatik kanpo geratzen da, eta Lekarozko institutuan birkokatuko da.
Ezinbestean, erabaki honen gaineko zalantzak eta galderak sortu zitzaizkigun: zergatik ateratzen dute hezkuntza eskaintzatik urtero matrikula betetzen duen ziklo bat? Zentzurik dauka lanbide heziketako ziklo bat bere ikastetxetik banandu eta bakar-bakarrik DBHko institutu batean kokatzeak?
Esperientziaz badakigu lanbide eskola batean integratuta ez dagoen ziklo bat baldintza okerragoetan egoten dela (baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak), eta askoz ere ahulago.
Susmo txarrak are gehiago handitu ziren Hezkuntza Departamentuak uko egin zionean kirol zikloa Oronozen ia inolako gainkosturik gabe txertatzeko eskaintzari. Baztango Udalarekin hitz eginda, ikasketa hauek eskola berrian gauzatu ahal izateko instalazio ia guztiak bermatzeko prest zegoen, Hezkuntzaren gain gela bat eta 120 metro karratuko estalpe bat gelditzen zela. Beraz, departamentuak instalazioen inguruan ematen dituenak, arrazoiak baino gehiago, aitzakiak dira.
Zentzugabekeria eta entzungabekeria honen aurrean, gaizki pentsatzen hastea ez da arraroa. Muturra okertzera garamatzaten datu batzuk ere hor dauzkagu:
Ez da kirol zikloak Nafarroako «periferiatik» ezabatzeko egiten den lehen saiakera: duela urte gutxi Altsasuko kirol ikasketak desagertu ez zitezen borroka egin behar izan zen, eta Lekarozko kirol zikloa ere desagertzeko puntuan egon zen. Gardentasunik gabe jokatzen du departamentuak; iraganean bezala, interesatzen ez zaizkion ikasketak kentzeko trikimailu baten aurrean egon gaitezke.
Bestetik, sektorean ematen ari den pribatizazioak kezkarako motiboak ematen dizkigu. Azken urtean ikastetxe pribatu berriak sortu dira han eta hemen. Kirol zikloak eskaintzen dituzten zentroak, denak gazteleraz. Ikasleek 4.500 euro ordaintzen dute ikasturteko, erdi mailako ziklo bat ikastea urrearen prezioan ordainduz. Negozio biribila batzuentzat, poltsikoan zuloa besteentzat. 2021etik hona espainiar Estatuan dauden LH ikastetxe pribatuen kopurua laukoiztu egin da.
Azken datu argigarri bat: 25-26 ikasturtean erdi eta goi mailako eskaintza publikoaren %12,6 bakarrik izango da euskaraz. Hara non, kolokan dagoen zikloa urtero-urtero 44 ikasle euskaraz ikastera ekartzen dituena da. Baztan-Bidasoko ikasle euskaldunak, baina baita Iruñerritik eta beste herrietatik datozen ikasle euskaldunak ere.
Argi daukagu, kirol zikloa Baztandik desagertzen bada, euskararen kaltetan izango da; eta ikasketen zentralizazioaren eta pribatizazioaren mesedetan. Adi egongo gara, ez dugu atzerapausorik onartuko!

Sánchez Corbí, de la UCO a Acciona; una «puerta giratoria» a seguir

Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak

Periodismo en tiempos de maraña golpista

Bruce Springsteenek gogoz besarkakatu ditu euskal zaleak
