Trumpen tropek kaosa areagotu dute Los Angelesen
Los Angelesko gertaerek urrats kualitatibo bat dakarte Donald Trumpek eta MAGAko buruek diseinatutako shock eskeman. Ez zen zaila asmatzen goiz edo berandu egoerak gainez egingo zuela eta presidenteak Kalifornian jo nahiko zuela lehendabizi. Eraso horrek, paradoxikoki, bertako gobernadore demokrata ere indartu du.

Los Angelesko istiluek eta horien aurka Guardia Nazionala bidaltzeko Donald Trumpek hartutako erabakiak Estatu Batuetako gatazka politikoaren erdigunea hartu dute. Badago ideia orokor bat, aspaldi prestatutako agindua hartu duela Etxe Zuriak. Joan den asteko protesten aurka izan ez balitz, luze gabe beste aitzakiaren bat aurkituko zuen presidenteak makila erabiltzen badakiela eta gogorra dela erakusteko bere jarraitzaileei. Kaosaren kudeaketan, indarkeria espirala AEBko beste hiri batzuetara hedatzeko arriskua dago.
«Askatu Los Angeles migratzaileen inbasiotik», aldarrikatu du Trumpek. Betetako autoprofezia bat balitz bezala, «tropak» bidaliko zuela iragarri zuen, eta gero zorionak eman zizkion Guardia Nazionalari «lan onagatik», artean Los Angelesko kaleetan ez bazeuden ere (larunbatetik iganderako goizaldean). Biharamunean iristean, ustez egoera «baretzera» zetozen horiek egoera okertzea baino ez zuten eragin. Gavin Newsom gobernadoreak laburbildu du: Poliziak ez zuen laguntzarik behar, baina Trumpek berdin-berdin bidali zituen tropak, «kaosa eta indarkeria sortzera». Presidenteak nahi zuena, hain justu ere: «Orain egoera desorekatu da, eta polizia gehiago bidali beharko dugu Trumpen nahasmena garbitzera».
«Trumpen Rubicon unea» deitu dio “Publico”-k Los Angelesko ikuskizunari. Guardia Nazionala aginte federalaren menpe jartzeko salbuespeneko lege bat aipatu du Trumpek: «Estatu Batuetako Gobernuaren agintearen aurkako matxinada edo matxinada arriskua» egotea. Ez da kasualitatea Etxe Zuritik irtetean Trumpek «matxinoak» (insurrects) aipatzea. Beti pauso bat aurretik.
Guardia Nazionala erreserban dauden militar ohiez osatuta dago; alde horretatik, aginte zibila dauka, ez dago Defentsa Idazkaritzaren mende. Estatuetako gobernadoreek deitu ohi dute, ustekabeko hondamendiei aurre egiteko, egoerak gainez egin eta baliabiderik ez dutenean: uholdea, urakana, suteak, istripu larriren bat... Egunotan aipatu denez, Washingtonek Guardia Nazionala «federalizatu» zuen azken aldia 1992an izan zen, Rodney King jipoitu zuten bost polizia zuriak absolbitu ostean piztu ziren istiluak zapaltzeko. Alabaina, bi ñabardura egin behar dira: lehena, orduko hartan George Bush presidentea Kaliforniako gobernadorearekin koordinazioan aritu zen. Gobernadorearen iritziaren aurka, Etxe Zuriak Guardia Nazionala agindu zuen azken aldia duela 60 urte izan zen, Lyndon B. Johnsonek Alabaman Selmatik Montgomery hiriburura zihoazen eskubide zibilen aldeko manifestariak babestera bidali zituenean. Bigarrena, fenomeno natural edo istripuetatik desberdina zen gertaera bat izan arren, 1992ko istiluen neurriak erabat gainditu zituen hiriko eta estatuko arduradunak.
ICE-REN OLDARRALDIA
Oraingo honetan ez halakorik izan. ICE mugako polizia razzia gero eta bortitzagoak egiten ari da, hori agerian geratu da azken asteotan, Etxe Zuriak eguneko 3.000 lagun atxilotzeko kuota ezarri zienetik joan den maiatzean. Kongresuan katramilatuta egon arren, Trumpen babes guztia daukan «lege eder eta handiak» 150.000 milioi dolar aurreikusten ditu ICErako. Hau da, finantzaketa handiena daukan polizia agentzia izango da.
Kalean, autoetan, jatetxeetan eta auzitegietan dozenaka lagun atzematen ari da, familia osoak sarritan, seme-alabekin doan aita edo ama beste batzuetan -haurra bakarrik geratzea ere gertatu da-. Tom Homan mugako tsarrak lotsarik gabe esan zuen «lehentasuna kriminalak» izan arren, paperik gabe harrapatzen duten edonor atxilotuko dutela.
MAGA mugimenduaren pentsamendua are argiago azaldu zuen Markwayne Mullin senatariak CNNn: «Orain egiten ari direna egiten ari direla» (hau da, lanean egon arren inolako legerik urratu gabe), paperik gabeko pertsonak «ilegalak dira eta kriminalak dira».
Horren aurrean, protestak eta erresistentzia zibila ere areagotuz doaz. Duela astebete, San Diegoko jatetxe batera atxiloketak egitera zetozen ICEko agenteak South Parkeko auzunetik uxatu zituzten herritarrek. Los Angelesen ehun lagun baino gehiago atzeman zituzten joan den astean, adingabeak horietako batzuk eta sindikalista ezagun bat, tartean. Horren aurrean egondako protestetan ehunka lagun elkartu ziren -ICEk berak mila lagun aipatu du-. “LA” bezalako hiri baterako, ez da jendetza, zenbait pintada egin eta Poliziari objektuak jaurtiz.
Baina Trumpek duela bost urteko Black Lives Matter-eko protestetan gogorrago jo ez izanaren arantza dauka, Poliziak Minneapolisen George Floyd hil ostean AEBn luze-zabal -eta atzerrian- piztutako protestetan. Trumpek Bulego Obaleko bileretan manifestariei tiro egiteko esan izan zuen, Mark Esper Defentsa idazkari ohiak aitortu duenez. Armadako eta Justizia saileko buruek aurka egindakoan, «tira, zangoan edo oinetara egin tiro», erantzun zien.
Orain askoz indartsuago sartu da Trump Etxe Zurian, eta ez da kasualitatea Kalifornia eta Los Angeles jomugan izatea. AEBko bigarren hiri handiena da Los Angeles, eta hiru biztanletik bat herrialdetik kanpo jaiotakoa da. Kalifornia berriz, estatu jendetsuena da. Berrogei milioi biztanlerekin, demokraten kontrolpean dagoen administrazio handiena da. Eta Trumpen olatu errepresiboari aurre egiten dion «santutegi» indartsuena, halaber.
Bai Los Angeles hiriak, bai Kalifornia estatuak, debekatuta daukate Gobernu federalaren migrazioaren aurkako neurrietan bere polizia baliabideak erabiltzea.
Trumpek aurrekontu federala kentzeko mehatxua behin eta berriz egin die «santutegiei». Hala kendu zuen “Black Lives Matter” mural erraldoia Washingtongo Udalak. Baina Kalifornia munduko herrialde independente gehienak baino aberatsagoa den estatu bat, gobernadoreak presidenteari gogorarazi dion bezala: «Kaliforniarrek Gobernu federalarentzako zergak ordaintzen dituzte. Jasotzen duguna baino 80.000 milioi dolar gehiago ordaintzen ditugu. Beraz, Donald Trumpek Kalifornian bizi diren 40 milioi estatubatuar mehatxatzen jarraitzen badu, agian baliabide horiek atxiki beharko genituzke». Horregatik, Guardia Nazionala federalizatu du Trumpek, eta Pete Hegsethek marineak erabiltzeko mehatxua egin du. Presidenteak insurrect (matxino) esaten duen bakoitzean, ez da ohiko hizkera hiperbolikoa soilik: neurri militarrak ditu gogoan. Azkena, Tom Hoganek asteburuan Newsom atxilotzeko egindako mehatxua izan da. Atzo mugako tsarra bezperako adierazpenak apaltzen saiatu bazen ere, bere nagusiak gainditu zuen: Newsom atxilotu behar bada, bere babesa izango duela esan zuen Trumpek.
DEMOKRAZIA JOKOAN
Gavin Newsom gobernadorea jakitun da Trumpen probokazioak zatiketa eta indarkeria bilatzen dituela. Argi utzi du egoera zeinen larria den: «Demokrazia dago jokoan». Egoeraren militarizazioaren aurrean gainerako gobernadore demokraten babesa lortu du, baina, zalantzarik gabe, aparteko protagonismoa lortu du egunotako tentsioaren erdian. Atxilotze mehatxuen aurrean Newsom bera ere ez da isilik geratu, eta aparteko figura demokrata bezala nabarmendu da: «[Hogan] Tipo gogorra da, badaki non aurkituko nauen. Baina ken itzazu eskuak hezkuntza jaso besterik nahi ez duten lau urteko neskatoengandik». Kalifornian bizi diren etorkin behartsuen aurka jo ordez, «beren bizitza bizitzen, zergak ordaintzen, hemen hamar urtez bizitzen daudenei izua hedatu ordez, zatoz nire bila, atxilotu nazazu, amai dezagun honekin behingoz, tipo gogor bost axola zait. Baina axola zait neskato hori, axola zait komunitate hau». Adierazpen indartsuak, 2028rako presidentegai demokrata izateko faboritoetako baten ahotik.
Guardia Nazionaleko bi mila agenteak Los Angelesen hedatzeko agindua bertan behera uzteko eskatu zion Newsomek igandean Trumpen Administrazioari: «Estatuaren subiranotasunaren urraketa larria da hau». Atzo auzitara jo zuen, agindua legez kanpokoa dela argudiatuta. Orain arte auzitegiak izan dira Trumpen gehiegikeriak gerarazi dituztenak, eskubide zibilen elkarteen bultzadaz sarritan. Oraingoa bestelako kontu bat da, eta Los Angelesen dago erdigunea. Kaliforniako hiriak, besteak beste, FIFAko selekzioen txapelketak hartuko ditu 2026ko udan, eta 2028ko Olinpiar Jokoak ere bertan izango dira.
Comienza la prohibición para los ciudadanos de 12 países
La orden firmada la semana pasada por Donald Trump, en la que prohíbe que los ciudadanos de doce países puedan entrar en Estados Unidos, entró en vigor ayer. Los afganos residentes en el país (muchos de ellos tras colaborar con el Ejército estadounidense en los últimos 20 años), que esperaban reunirse con los familiares que viven bajo el régimen talibán, han visto sus esperanzas frustradas. Lo mismo ocurre con las personas con nacionalidad de Chad, Congo-Brazzaville, Eritrea, Guinea Ecuatorial, Haití, Irán, Libia, Myanmar, Somalia, Sudán y Yemen.
Hay algunas excepciones para aquellas personas que ya tienen el visado, pero para el resto solo se emitirá en el caso de los deportistas que participen en el Mundial de Fútbol o en los Juegos Olímpicos.
En la lista también hay otros siete países para cuyos ciudadanos la prohibición no es total, pero se establecen fuertes restricciones para entrar en EEUU. Son Burundi, Cuba, Laos, Sierra Leona, Togo, Turkmenistán y Venezuela. Trump ya intentó algo similar al entrar en la Casa Blanca en 2017, pero los tribunales tumbaron su orden.U. U.

TXETXU BARRIOS LIBRE DA, 27 URTEKO KARTZELALDI OSTEAN

Otegi y Esteban advierten de que ya «no vale» con la amenaza de PP-Vox

Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak

Periodismo en tiempos de maraña golpista
