«Urgulleko Jesusen Bihotza monumentua ez zen herri borondatearen emaitza izan»
Urgull mendiko Jesusen Bihotza berriz ere eztabaidagai da Donostian. Gotzon Garmendia ikertzailea NAIZ Irratian izan zen. «Monumentu hau ez da soilik erlijioaren adierazpen artistiko bat, baizik eta nazional-katolizismoaren sinbolo argia», adierazi zuen.

Donostiako Urgull mendiko Jesusen Bihotza eskulturak eztabaida piztu du berriro, bere izaera frankistarengatik. Gotzon Garmendia monumentu horren jatorri frankista aztertzen duen lantaldeko kidea da. Atzo NAIZ Irratian izan zen azalpenak ematen.
Haren arabera, gai honek erpin asko ditu, baina Jesusen Bihotza ez da testuingurutik kanpo ulertu behar. «Nazional-katolizismoa Estatu espainolaren eta Eliza katolikoaren arteko batasun ideologiko eta politikoa izan zen. Bere helburua zen kristautasunaren ikuspegi jakin bat ezartzea gizarte osoan», ohartarazi zuen.
Esan zuenez, ideologia hori XIX. mendearen lehenengo erdialdean indartu zen, Isabel II.aren garaiko konkordatuaren bidez, non elizaren eta Estatuaren arteko elkartzea onartu zen. «Horrek elizari onura handiak ekarri zizkion, ekonomikoak eta, nagusiki, erlijiosoak. Doktrinatzeko pribilegioa, baita harreman sozial eta kultural guztiak arautzeko aukera ere», nabarmendu zuen. Hortik etorri zen gero, ikerlariaren hitzetan, XX. mendean Primo de Rivera eta Franco diktadoreen garaian gertatu zen nazional-katolizismoaren sendotzea.
ERREPUBLIKAREN ETSAIA
«Hemen dago bigarren mugarria. Bigarren Errepublika espainola aldarrikatu zenean aipatutako konkordatua ezeztatu zen, eta imajina dezakezu horrek zer nolako oldarraldia ekarri zuen Eliza Katoliko horren baitan. Pribilegio horiek guztiak galdu zituen, eta finantzaketa iturriak ere bai. Hor daukazu Errepublikaren aurkako lehenengo etsaia, antiliberala, antikomunista, emakumeen eta gizonen eskubide berdintasuna ukatuko duena...», adierazi zuen.
«Testuinguru horretan gerra piztu zuten, Elizaren sostenguarekin, noski, eta orduan gerra hori gurutzada moduan izendatzen hasi zen. Justu 1937an hasi ziren gurutzeak, erorien gurutzeen aldeko monumentuak, mausoleoak eta oroigarriak eraikitzen».
Ikertzaileak agertu zuenez, Urgulleko Jesusen Bihotzaren jatorria 1928. urte inguruko giro antikomunista horretan kokatu behar da, Primo de Riveraren diktaduran. «Orduan sortu zen ideia, Pio XI.ak bultzaturiko Sagrado Corazon edo Cristo Rey monumentuak eraikitzekoa. Hor dago haria, dena lotuta dago nazional-katolizismoaren ideologia horren harian», azaldu zuen.
GOIARI KRITIKA
Historialari bezala, interesgarria egin zaio Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzartzeak entzutea, «non galtzerdiari buelta ematen zion, esanez frankismoak dena erabili zuela bere onurarako. Alderantziz da: Elizak erabili zuen frankismoa, Elizak behar zuen diktaduraren ezarpena bere interesak garatzeko», argitu zuen.
«Eta interesak ziren aurreko konkordatuaren baldintza berdinetara itzultzea. Horretarako zer behar zuen? Etsaia kentzea: liberalismoa, komunismoa, berdintasuna, eskubideak eta abar», esan zuen.
Garmendiak nabarmendu zuenez, Elizak eta militarrek parte hartze aktiboa izan zuten monumentuaren eraikuntzan. «Monumentua ez zen herri borondatearen emaitza izan». Aditzera eman zuen 1950ean inauguratutako eskulturak «ez duela ospakizunik merezi 75. urteurrenean», eta azaldu zuen beren lantaldean parte hartzen duten zenbait pertsona errepresaliatuen senideak direla eta horrek «drama pertsonala eta historikoa» ekartzen duela.
Garmendiak kezkaz hartu du Udalaren barne ebazpenen kudeaketa. Ez dago itxaropentsu gai honen bide instituzionalaren etorkizunarekin.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
