Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Ditxosozko alergia

Jende askori entzun diot udaberri honetan alergia dela-eta gaizki samar dabilela. Eguraldiak eragin zuzena du polen kontzentrazioan eta alergia krisietan. Baina zer kasutan? Eguraldi lehor eta haizetsua maite du polenak. Zerua eta zorua lehor daudenean polenak airean egoteko aukera dauka eta lurrean barrena ere mugi daiteke, objektuetan itsatsiz eta ondoren gizakiarengana pasatuz. Horri haizea gehituz gero, polena alde batetik bestera mugitu eta landareetan dagoena ere kanporatuko da, eta horrek gizakiarengana iristeko aukerak handitzen ditu.

Egun euritsuetan, berriz, haizea egon ala ez, euriak berak airean dagoen polena lurrera botatzen du eta lurrean itsasten da. Horrela ez du aukerarik gizakiarengana iritsi eta alergia eragiteko.

Egun hauetan beste osagai bat gehitu zaio polenari: Saharako hautsa. Borraska batek hego-haizea eragin eta Afrika iparraldetik honaino sartu da, erdi mailako geruzetan bereziki. Hauts horrek alergia krisiak handitu ditzake eta arnas aparatuko gaitzak areagotu.

Eguraldiaren joera pixkanaka uda sasoiko bilakatzen ari da eta, oraindik polen arrastoak geratzen direnez, alergia dutenek pazientziaz hartu beharko dute. Hala ere, udan polena asko gutxitzen denez, halako krisiak izateko aukera ere murrizten da.