Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharrekoak
Bostetan hasiko da Fermin Muguruzak bihar Anoetan emango duen ikuskizuna, eta kontzertu nagusiaren aurretik (21.00etan da) Stepi Selektah-ren, Niña Coyote eta Chico Tornadoren, DAM Palestinako taldearen eta Des-Kontrolen emanaldi banak girotuko dute estadioa. Palestinari elkartasuna adierazteko argazki bat ere egingo dute.

Iristear da egun handia. «Historikoa», esango lukete zenbaitek. Bihar gauean Anoetako estadiora iritsiko da Fermin Muguruza, oholtza gainean daramatzan berrogei urteen ospakizun betean dagoela, eta sasoi bikainean iritsiko da gainera. Gozotik, Biarritzeko Atabalen bere anaia Iñigo Muguruzari omenaldi hunkigarria eskainiz, abiatu zuen nazioarteko bira abenduaren 17an -hain justu, anaiak 60 urte beteko zituzkeen egunean-, eta hilabete hauetan zehar zenbait une goren bizi izan dituzte, Madrilgo WiZink gunean bildu zituzten 10.000 lagunen aurrean eskainitako kontzertua, esaterako.
Une gaziak ere bai, ezin ukatu, Mexikon baimenen bat falta zutela eta kontzertuan jende gehiegi zegoela aitzakia jarrita hutsarazi zuten kontzertua, adibidez. Baina, oro har, irundarra eta bere lantaldea une gogoangarriak bizitzen ari dira. Erromako Circolo Concetto Marchesi gunean jotzetik datoz -NAIZen dago irakurgai kontzertuko kronika eta baita euskal eta italiar jarraitzaileen joan-etorriak kontatzen dituen erreportajea ere, Dabi Piedrak sinatua- eta, berriro Euskal Herrian, etxekoen beroa jasotzeko pronto daude.
Eta, guztia egoki joan dadin, informazio praktikoa zabaldu dute kontzertura joaten direnek zalantzarik izan ez dezaten.
ATE IREKIERA ETA ORDUTEGIAK
Bihar, Fermin Muguruzaren kontzertua ikusteko Anoetako ateak 17.00etan irekiko dira. Stepi Selektahren DJ saioa izango da lehenik eta Oihana Barrena eta Sambou Diaby arituko dira aurkezle. Jarraian, 18.00etan, Niña Coyote eta Chico Tornadoren emanaldia iritsiko da.
Behin hori amaituta, Palestinari elkartasuna adierazteko argazki kolektiboa egingo dute eta ikusle guztiei horretan parte hartzera dei egin diete. Hori 18.55ean izango dela aurreikusten dute, DAM Palestinako hip-hop taldeak oholtza hartu baino bost minutu lehenago.
20.00etan, Des-Kontrol Arrasateko punk-oi! taldeak berotuko du giroa, Fermin Muguruzaren txanda iritsi aurretik. 21.00etan hasiko da irundarraren kontzertua.
Ohartarazi dutenez, jaian zehar Anoetatik irteten dena ezingo da bueltatu, eta sarrera ekitaldia amaitu arte gorde behar da. Gainera, sarrerei dagokienez, gogorarazi dute ezin direla aldatu edo itzuli erosketa egin ondoren; ez direla izendunak, baina kodea lehen aldiz irakurtzen duen pertsonak bakarrik baliatu ahal izango duela eta antolakuntzak ez duela erantzukizunik izango kanal ofizialak ez diren bitartekoetatik erositako sarreren gainean.
Anoetan sartu ezingo diren objektuen zerrenda ere eman dute: su-armak, arma zuriak, kaskoak, kamera profesionalak, selfie-makilak, motxila handiak, haur-kotxeak, euritakoak, animaliak, laserrak, makiladun banderak, piroteknia materialak, maletak, objektu sendoak eta espraiak eta aerosolak. Beirazko ontziak ere ezingo dira erabili eta, horien ordez, berrerabiltzeko edalontziak egongo dira. Itzultzeko aukera izango da; gehienez lau, pertsona bakoitzeko.
Halaber, gogora ekarri dute debekatuta dagoela sarreren baimenik gabeko birsalmenta, sarrerak ezingo direla erabili publizitate edo promozio helburuetarako, antolakuntzak sarrera ukatzeko eta programazioa aldatzeko eskubidea izango duela, ekitaldian bideo eta audio grabazioak egingo direla eta publikoak horietan parte hartzeko baimena ematen duela, eta, galerarik edo lapurretarik gertatuz gero, antolakuntzak ez duela erantzukizunik izango.
Adingabeek, berriz, baimen orria beteta eta sinatuta eraman beharko dute, eta helduren batekin joatea gomendatzen dute.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
