Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Beroa nagusi!

Ez da giro. Beroa nagusi mapamundian, bazterretan beste erdietan ere, beroa denetan. Ez, ez naiz klimaz ari, bestelako beroketa globalaz ari naiz orain, lurretik lurrerakoaz, globalizazioak nonahi berez sortu duen beroketaz, planetako munduak irakiteranzko bidean daramatzan horretaz, merkurio gizajoak markatzen ez dakien beroaz, lur arraroen erauzketak dakarrenaz... Eta saltsa honen erdian, zer eta ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu behar ekainaren hasiera honetan! Ingurupena beharko, han-horko inguruari erreparatuz gero. Nazioarteko egun madarikatuak! Zelan ospatuko zuten Gazan? Eta kolpea gero, lurreko halako beroaldiari aurre egiteko burua hotz behar denean, hara! Glaziarrak atzerantz ari dira zeruko beroagatik eta izotzaren prezioa burtsek ezartzen dute... Ez, zerutik ez dugu asko espero behar, drone oldea ez bada, mertzenarioek lur arraroak zerura deslokalizatu baitituzte.

Total, beti bezala erlijioarekin topo egin. Kawensos! Iluntzean prentsa hartu, eta horra! orri guztietan zer edo zer zeruko horietaz. Kristo halakoa! Halako kristoa! Urgull mendiko Jesusen Bihotza albiste, zeinek zertarako altxatu, horixe kontua, omen. Amen! Udako ikastaro baterako gaia, 6 kreditu gutxienez! Ez dakit nik, baina Bilbon holako monumentua egonda ere, pentsatu behar dut Donostiakoa kopia dela, frankizia edo. Diot nik. Total, Jesus bera nahikoa ez, eta aingeruak ere albiste! Kawensos! Kalifornian izan da hori, Los Angelesen. Migratu beharra izan dutenek hiriko periferia utzi eta hiriko erdia bera hartu dute, banderapeko protestan. Kaleak sutan, halabeharrez! Eta marineek bandera eskuan, 51 tesladun oihala! Eta gertura etorrita ere, Pasaiako herritik dator notizia, idia parean dela Aralarko atea... Ez dakit erromesaldia den ala transhumantzia, Jainkoak berak baleki!