U. URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Milioika herritar irten dira Donald Trumpen aurka protestan

Armadaren 250. urteurrenean, eta bere 79. urtebetetzearekin batera, AEBetako presidenteak antolatutako parada militarrak espero zena (eta Etxe Zuriak adierazi zuena) baino jende gutxiago bildu zuen. Bitartean, hiri ugaritan mobilizazio oso jendetsuak izan ziren Donald Trumpen eta bere politika xenofobo eta autoritarioen kontra.

Trumpen kontrako protesta Bethesdan (Maryland), Washingtondik hurbil.
Trumpen kontrako protesta Bethesdan (Maryland), Washingtondik hurbil. (Danny KEMP | AFP)

Estatu Batuetako hiri guztietan antolatutako elkarretaratze jendetsuek Trumpen autoritarismoa salatu zuten atzo, “Erregerik ez” lemapean. Bitartean, presidenteak bere urtebetetzea eta Armadaren urteurrena ospatu zituen Washingtonen egindako desfile militarrean.

Arrandia eta zeremonia handiz egin zioten ongietorria Trumpi Etxe Zuriaren parean altxatutako podiumean. Agur egiteko 21 kanoikada izan ziren, eta ikusleek “zorionak zuri” kantatu zioten. Izan ere, Trumpek bere 79. urtemugan ospatu nahi izan zuen Washingtonen mende honetan egindako lehen desfilea, Armadaren 250. urteurrenaren aitzakian. Egun osoko ekitaldietan ikusi zen iragarritakoa baino askoz jende gutxiago joan zela. Hala ere, Etxe Zuriak bere gidoiari jarraitu zion, eta 250.000 lagun izan zirela adierazi zuen.

Desfilea ordu erdi aurreratu zuten, ekaitza baitzegoen iragarrita. Aire-erakustaldietako batzuk bertan behera utzi zituzten, baina ia 7.000 soldadu eta 70 tonako tankeak Constitution Avenue-n ibili ziren. Behingoagatik, presidenteak ere hitzaldi laburra egin zuen, militarista eta patriotikoa, baina etxeko edo atzerriko auzi zehatzei heldu gabe. Aste osoan zehar egin diote kritika, teorian Armada lehia politikotik kanpo dagoen instituzioa baita. Kongresuko kide errepublikano gehienak ere ez ziren joan.

MOBILIZAZIO HANDIAK

Herrialde guztian antolatutako protesten aldean, hiriburuan txikiagoa izan zen, No Kings deitzaileek Filadelfiara joateko dei egin baitzieten washingtondarrei, desfilearekin istilurik ez egoteko. Azkenean, zenbait auzunetan izan ziren protestak, eta erdigunean, kolektibo antifaxista batek ehunka lagun eraman zituen Etxe Zuriaren kanpoalderaino. Bertan hitza hartu zutenen artean, Armadako beterano batek salatu zuen, osasungintzarako sosa eteten den bitartean, desfilean 45 milioi dolar gastatu izana, eta El Salvadorreko etorkin batek Trumpen politika ankerrak gaitzetsi zituen: «Umeak eskolara joaten dira jakin gabe etxera itzultzean gurasoak ikusiko dituzten edo ez».

JAI-GIROA NAGUSI

Herrialdearen gainerako hiri eta herrietan jendetza irten zen kalera. Filadelfian, San Frantziskon, Seattlen eta beste hiri askotan ehunka mila lagun elkartu ziren “Erregerik ez” aldarrikatuz. AEBetako memoria kolektiboan garrantzi handia dauka Europako monarkia kolonial baten aurka matxinatuta herriak egindako errepublikaren ideiak.

Trumpen desfilean erakutsitako megalomaniak, Los Angelesko protestetan izandako autoritarismoak eta immigrazioaren aurkako operazioetan geroz eta gehiago ageri diren irudi ankerrek bultzatu zuten jendea kalera. Beste manifestari batzuek lehen hilabete hauetan kaleratutako langile federalak eta oinarrizko zerbitzuetan gertatzen ari diren mozketak aipatu zituzten.

Protesta gehienak jai-giroan izan ziren, estatu errepublikano batzuek, Texasek kasu, Guardia Nazionala deitu bazuten ere. Las Vegasen eta Salt Lake Cityn zenbait manifestari atxilotu zituzten, eta Los Angelesen ke poteak izan ziren eraikin federalaren inguruan, manifestazioaren zati handiena arazorik gabe joan bazen ere. Minnesotan protesta batzuk bertan behera utzi zituzten kongresuko kide demokraten aurkako atentatuagatik, baina milaka lagunek parte hartu zuten Minneapoliseko protestan.