Imanol CARRILLO
PILOTA

Oizek hiru partidetan Anboto kaleratu eta finala jokatuko du Solluberen aurka

Buruz buruko partidan erabaki zen dema, eta Salaberria Aldabe baino hobea izan zen. Polemika lau eta erdiko sakearen arau berriarekin etorri zen.

Lau eta erdiko sakerako arau berriak on egin zion Peio Etxeberriari, eta ez Dariori.
Lau eta erdiko sakerako arau berriak on egin zion Peio Etxeberriari, eta ez Dariori. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Argi dago Bizkaia Torneoa pentsatu zuenak pilotazaleen mesederako pentsatu zuela, eta ez kazetarientzat. Hiru partida segidan jarraitzea -sei, larunbatekoa kontuan hartzen badugu; edo bederatzi, ostiralekoarekin- gogorra egiten bada ere, emozioa sortzen duela ere argi utzi behar da.

Atzo, Oizek lortu zuen finala jokatzeko azken txartela, eta larunbatean gertatu bezala, hirugarren partidan erabaki zen dema, buruz burukoan.

Pilotaleku guztian jokatutako neurketan, aldiz, emozio gutxi egon zen, Iker Salaberria nagusitasunez gailendu baitzitzaion Joseba Aldaberi bi setetan (3-10 eta 7-10). Anbotoko pilotariak bigarren setaren amaieran egin zituen tantorik ederrenak, 6-8 jarri zenean, adibidez. Sakearekin zabalera bidali zuen pilota, Salaberriak eraman egin zuen, baina Aldabek ezkerrez bi pareta ikusgarriak egin zituen tantoa lortzeko. 7-8 ere ipini zen, baina hortxe amaitu zen esperantza, Salaberriak hobeto amaitu baitzuen neurketa.

LAU ETA ERDIAN, POLEMIKA

Larrabetzuko jaialdia ireki zuen partidan, Peio Etxeberriak ez zuen arazo askorik izan Dariori 0-2 irabazteko (7-10 eta 0-10). Neurketan zehar, Jokin Altuna elkarrizketatu zuten telebistan, eta kaiolan hemendik aurrera sei eta erditik atera beharrean lau eta erditik ateratzeko aldaketagatik galdetu zioten. Amezketarra deseroso azaldu zen erabakiarekin, gehienbat «denen artean» hitz egiteko gauza bat delako eta «sakeari garrantzia ezin zaiolako kendu».

Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak adierazi zuenez, pilotariei azaldu zaie aldaketa txapelketa ofizialetan ere egingo dela. Partidaren ostean, Dariok onartu zuen egunean bertan jakin zuela erabakiaren berri, eta errioxarra ironikoa izan zen: «Agian euskaraz azaldu zuten eta ez nintzen enteratu».

Eta egia esan, Dariok asko sufritu zuen. Bere armarik onenetarikoa sakea denez, aldaketarekin ezin izan zuen asko aprobetxatu, baina bai, ordea, Peio Etxeberriak. Lehen setean zazpi tanto egin zituen lehen pilotadarekin, eta hortik min handia egin zion.

Binakakoan, Oizeko Elordi-Zabaletak 5-10 irabazi zuten lehen jokoa, baina Altuna III.a-Martijak sinatutako 5-0eko partzialak min handia egin zuen bigarrenean (10-2). Atzelaria bikain aritu zen atzean Zabaletari gailenduz, eta aurrelariak magia egin zuen.