Entretenimenduak sakontasuna irensten duenekoa

Rose Dugdale familia britainiar aberats batekoa zen. Uko egin zion, ordea, luxuzko bizimoduari, eta IRA erakundean sartu zen. “Baltimore” filmak haren bizitzako pasadizo jakin bat du ardatz: 1974ko apirilaren 26an jazotako benetako gertakarietan oinarrituta dago. Dugdale eta hiru kidek eraso armatu bat burutu zuten Russborough House-en (Wicklow, Irlanda), eta 19 artelan lapurtu zituzten IRAren borroka armatua babesteko.
Imogen Poots aktoreak jokatu du protagonistaren rola, eta intentsitate handiz eta konplexutasun emozional sakon batez aberastu du pertsonaia berezi hori. Haren lanak ñabardura ugari eskaini ditu, eta ikuslea haren barne borrokaren zein bilakaeraren lekuko bihurtu.
Filmak hiru denbora-espaziotan banatzen du egitura narratiboa: lehenengoa, emakume eta aktibista gisa izandako garapen pertsonalari dagokio; bigarrena, artelanen lapurreta gauzatzen duten unean kokatzen da; eta hirugarrena, landan dagoen etxe batera ihes egin eta han konfinatzen direnean.
Dinamismoa eta entretenimendua helburu duen egitura horrek, paradoxikoki, kalte egin dio ikustaldiari: filma desegiten joan da etenik gabeko jauzi kronologikoen artean, eta narrazioaren zatiketak ez dio protagonistaren bilakaerari sakonerarik eman. Bizitza konplexu eta emankor bat formatu hain itxian sartzen saiatzean, galdu egin dira Dugdale-ren borroka politikoaren zenbait orri garrantzitsu.
Filmak entretenitzen du, eta tentsioa une oro mantentzen da; horregatik, erraza eta atsegina da. Baina protagonistaren indarra eta xarma hain dira bereziak, kontakizuna erdibidean geratu baita: gehiago jakin nahi dugu, gehiago ulertu.
Nahigabe bada ere, filmak erantzunak eman beharrean, galdera berri (gehiegi) pizten ditu.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
