GARA
BAIONA

«Instituzio berri baten bidean urratsak egitea», EH Bairen erronka

Iragan larunbatean Euskal Herria Baik Baionan egin zuen bilkura nagusian nabarmendu zuen, 2026 eta 2032 bitarteko legegintzaldiari begira, lehentasun nagusietako bat izanen dela Ipar Euskal Herriarentzat «instituzio berri baten bidean urratsak egitea».

Iragan larunbateko biltzarra.
Iragan larunbateko biltzarra. (EH BAI)

«2026-2032 mandatuko lehentasunetako bat Ipar Euskal Herriarentzat instituzio berri baten bidean urratsak egitea» izanen dela adierazi zuen Euskal Herria Baik.

Heldu den urteko martxoan iraganen diren herriko bozak eta Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa begi-bistan, mugimenduak biltzar nagusia bildu zuen joan den larunbatean, Baionan. Bilkuraren ondotik helarazitako agirian oroitarazi zuenez, 2024ko azaroan eginiko biltzarrean «herrietako programen eta dinamiken inguruan» aritu ziren EH Baiko kideak. Iragan larunbatean, berriz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa estaltzen dituen erakundeari erreparatu dio mugimendu abertzaleak.

2027an hamar urte beteko dituen Euskal Hirigune Elkargoak Ipar Euskal Herriko eskalan politika publikoak garatzeko eta lurralde ikuspegia indartzeko balio izan badu ere, «aitzinean ditugun erronka handiei aurre egiteko beharrezkoak ditugun politika publikoak hemen erabaki eta martxan jartzeko ahalmen gehiago behar dugu», iradoki zuen Euskal Herria Baik.

Lurraldea bere osotasunean kontuan hartuta, «gaur egungo erronka ekologikoei eta sozialei erantzungo dien lurralde proiektu baten artikulatzeko beharra dugu», ohartarazi zuen. Horregatik, 2026-2032 legealdiari begira, ezkerreko abertzaleek lehentasunetako bat bezala irudikatzen dute instituzio berri baten bidean urratsak egitea.

TRESNA BERRIAK

EH Baik bide horretatik joanen den «gehiengo baten eraikitzeko» lan eginen du. Gisa berean, «Hirigune Elkargoaren gobernantza ereduaren hobetzearen alde engaiatuko» dela iragarri zuen, betiere «instituzioek eraldaketa politiko eta sozial aurrerakoi baten aldeko tresnak» izan behar dutela eta «interes orokorra zerbitzatu» behar dutela adieraziz.

Mugimenduak nabarmendu zuenez, herriko bozetan bilduko diren emaitzek eragin handia izanen dute «eguneroko bizitzan», herritarren beharrizanei erantzuteko gaitasuna baldintzatu dezaketelako. Horretaz jakitun, EH Bai prest azaldu zen Euskal Hirigune Elkargoan lan egiten jarraitzeko, betiere «herritarren kezkei erantzuteko asmoz eta guztion bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin».