Koldobika Jauregiren ondarea eta komunitatea, ospakizun
Udako solstizioarekin batera, «Koldobika Jauregi: natura, sorkuntza, komunitatea» ikastaro berezia abiatu zuten atzo Donostiako Miramarren, artista polifazetikoa hil eta urtebetera. Omenaldia 24 hizlarik, «Dantza» filmaren proiekzioak, musikak eta txango batek osatuko dute. Gaur arratsaldean Ur Maran emanen dute, eskultore eta sortzaileak eraiki zuen leku honetaz mintzatzeko modurik onena han barneratzea delako.

Usoa Zumetak eta Ainara Martinek sarrera eder bat egin zioten atzo Koldobika Jauregiren omenezko EHUko uda ikastaroari, Donostiako Miramarren. Kultur proiektuen kudeatzaile freelanceak 2009an ezagutu zuen Koldobika, Donostia 2016 proiektuan, ikerketak Alkizan gobernantza eta partaidetza jorratzen zituen artistarengana eraman zuenean.
2020an, aldiz, Andoaingo Basteron topatu zuen, “Dantza” proiektuaren erakusketa bat muntatzen. Kartel bat itsasten ari zen, Telmo Esnalen pelikulako mila objektu zituelako partekatzeko. «Gauza txikiak egiteko nahia zuen».
Zumeta Arte Estudioko artistaren eta Jauregiren arteko harremana 2003an hasi zen. «Ekain galeriako Juan Cruz Unzurrunzagak harekin lan egin behar nuela esaten zidan, eta Koldobikari nirekin lan egin behar zuela. Zaldiak ezagutzen nituen, Donostiako erakusleihoetan zeudenak. Elkarrekin lanean hasi eta 19 urtez segitu genuen. Guztira, 80 ediziotik gora egin ditugu». «Errespetua» nabarmendu zuen. «Beti galdetzen zidan: zer iruditzen zaizu zuri?».
17 urterekin eskultore izatea erabaki zuen Koldobikak. Soldaduska Valladoliden egokitu zitzaion, eta justu kuartelaren parean zegoen eskultura museoan aurkitu zuen hasteko behar zuen informazioa.
Testuinguru politikoarekin bat, kontzientzia hartu eta biolentziaren inguruko artelanak sortu zituen, gorputz eta zaldi irekiak, adibidez. Orduan jaso zuen lehen aitorpena ere.
FIGURAZIOTIK ABSTRAKZIORA
Alemanian egin zuen figuraziotik abstrakziorako bidea. Marrazkia zen bere helduleku edo oinarria. Horretaz gain, gauza zehatz batetik deseraikitzen zuen, sinplera iristeko eta hortik interpretatzeko. Ekoestetika kontzeptu garrantzitsua zen harentzat. «Ez dut modernoa izan eta kaka arrasto bat utzi nahi bidean», aipatzen zuen. Harria, burdina, egurra eta marmola erabiltzen zituen. Alemanian egurra erretzen hasi zen. Lo gutxi egiten zuen, eta itzalak ikusten zituen estudioko kristal handietan.
Prozesua eta teknikak anitz interesatzen zitzaizkion. Nola margotu ikatzarekin, nola egin urdin hori. Hagitz eskuzabala zen. «Nik erakutsiko dizut nola egiten dudan», esaten zuen.
Performanceak eta collageak egin zituen. «Poeta bat zen. Grafika efimeroa egin zuen zibilizazioa sostengatu duten kare eta ikatzarekin».
Gordailukoek Martini “Dantza” filmeko lagin bat eskatu ziotenean, kezka zuten, jantziak material delikatua direlako mantentzeko. Baina Martinek ohartarazi zien jantziteria ordez papera zela garrantzitsua, bertan zeudelako jantzi bakoitzeko 80-120 marrazki, sinbolismoz beteak.
Zumetak azaldu zuen denbora eta natura direla Jauregiren obraren ardatzak. Haren hiztegi propioa eraiki zuela ere adierazi zuen.
UR MARA
Kudeatzaile bezala hagitz interesgarria da Martinentzat Ur Marak ekarri zuen «paradigma aldaketa». Bizitza eta lana, etxea eta museoa, espazio berean daude Alkizako gune honetan. Mantenua, biziraupena, obraren zaintza eta zabalpena dira erronka.
Ur Mara natura eta artea uztartzeko belaunaldi berri baten espazio natural bezala definitu zuen Martinek. Behetik gora eraiki zuen, espazio komunitario bat irudikatuz.
Ondorio batzuekin bukatu zuten. Lehena, Jauregiri buruzko literatura kritiko gutxi dago. Baita obraren errepresentazio gutxi ere. Ondarearen kudeaketaz ere aritu ziren. «Zer forma emango diogu?». Ohartarazi zuten familiak, herriak eta instituzioek erronka dutela horretan.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
