GARA
KIEV

Errusiak Ukraina gogor astindu du G7aren gailurraren amaieran

Gutxienez 15 hildako eragin ditu. Ukrainak «terrorismo hutsaltzat» jo ditu, eta Kremlinek, gune militar-industrialen aurkako erasotzat. Aire defentsa gero eta ahulagoa du Kievek, eta Zelenskik saltzeko eskatu behar zion Trumpi G7ko gailurrean. Honek hanka egin zuen.

Etxebizitzak, suntsituta, Kieven.
Etxebizitzak, suntsituta, Kieven. (Genya SAVILOV | FP)

Gau lasai samar batzuen ondoren, aireko defentsen jardueraren zaratarekin, misilen talkekin eta Shahed drone kamikazeak eraisten saiatzen ari ziren metrailadoreen burrundarekin esnatu ziren atzo Kieveko eta beste sei probintzietako biztanleak, Errusiaren beste eraso masibo bat dela kausa. Ukrainako iturri ofizialek hiriburuan 14 hildakoren berri eman zuten, Odesa hirian emakume bat hil zutela gaineratuz.

Errusiak 440 drone eta 32 misil jaurti zituen, horien artean Kinzhal bi misil hipersoniko, Kh-31 radarren aurkako misil bat eta gurutzaldi-misil ugari. Ukrainako defentsek 239 drone eta 26 misil geldiarazi dituztela azaldu zuen Kievek. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik «terrorismo hutsaren» aurrean zeudela adierazi zuen.

Kanadan atzo amaitu zen G7aren gailur garaian gertatu zen erasoaldia. Zelenski gonbidatua zegoen, eta AEBko presidente Donald Trumpekin biltzeko esperantza zeukan, baina hau lehenago joan zen, Israelen eta Iraneko arteko talkaren inguruan Washingtonen bilera garrantzitsu bat zuelakoan.

Ukrainako agintariak Trumpekin hitz egin nahi zuen Kievek behar dituen aireko defentsak eta beste armamentu mota batzuk AEBri erosteko aukerari buruz. Trumpen administrazioak ez du Ukrainarentzat armamentu pakete berririk onartu boterera iritsi zenetik, eta oraindik ez du erantzunik jaso Joe Biden demokrataren presidentetzapean AEBtik urririk jasotzen zuen armengatik, batez ere defentsa sistemak.

ERRUSIAK

Errusiako Defentsa Ministerioak atzo ziurtatu zuenez, Kieven eta Zaporizhiako eskualdean egin zituen erasoek Ukrainako gune militarreko eta industrialeko instalazioak izan zituzten jomugan.

«Erasoaren helburuak lortuta daude. Jomuga guztiak harrapatu dituzte», aditzera eman zuen.

Ukrainak gaitzetsi zuenez, inpaktuetako batek hainbat pisu erabat kolapsatu zituen, hiriburuaren mendebaldeko industria gune batetik gertu dagoen etxebizitza bloke batean.

Kieven, hildakoen artean estatubatuar bat dagoela esan du Ukrainak. Ehun pertsona baino gehiago zaurituak izan ziren erasoak pairatu zituzten Kieveko zortzi barrutietan.

Kiev hiriburua eta Odesa itsas portuaz gain, bonbardaketak Ukrainako Zaporizhia (hego-ekialdea), Txernihiv (iparraldea), Zhitomir eta Kirovohrad (erdialdea) eta Mykolaiv (hegoaldea) eskualdeak ere izan zituen helburu.