Baxoko ahozkoan euskaraz egiteko aukera emanen dute berriz hiru sareetako irakasleek

Azterketak euskaraz egiteko borrokan, haien hazia landatuko dute aurtengo baxoan ere Ipar Euskal Herriko euskarazko hiru hezkuntza sareetako zenbait irakaslek. Ekimen horren berri emateko agerraldia egin zuten atzo goizean Baionako Atalante zinema gelaren aitzinean.
Iazko esperientziari jarraiki, aurten ere baxoko ahozko handian parte hartuko duten ikasleei euskaraz aritzeko aukera emanen die irakasle talde batek. Ekimenak guraso elkarteen babes zabala jaso du, hain zuzen ere, Euskal Haziak, Biga Bai, Ikasbi eta Seaskako gurasoak izan zituen ondoan atzoko agerraldian parte hartu zuen irakasle taldeak.
«Baxoko ahozko handiko froga euskaraz pasatzeko urrats praktikoa egin genuen iaz hiru sareetako ehun bat irakaslek», oroitarazi zuten bertan batu zirenek. Euskaraldiko “Ahobizi” txapa soinean zutela, ikasle batzuek euskaraz egiteko aukera ikusarazi zuten azterketa denboran, eta, ezagutarazi berri duten bilanean ondorioztatu ahal izan dutenez, harrera ona izan zuen ekimen horrek: «Ikasleen eta irakasleen aldetik nahikari handia da bide horretan urratsak egiteko».
Alta, Hezkuntza Ministerio frantsesak oraindik neurri ofizialik hartu ez izana gaitzetsi zuten agerraldian. «Jakin badakigu Hezkuntza nazional frantsesak pauso batzuk eman dituela, eta poztekoa da, baina gaurkoz ez dugu neholako aldaketen berririk», nabarmendu zuten.
«BELARRIAK PREST DITUGU, IZAN ZAITEZ AHOBIZI!»
Egoerak berdin jarraitzen duela ikusirik, ekimena errepikatzeko hautua egin dute.
Azaldu zutenez, «hiru sareetako zenbait irakaslek aurtengo baxoko ahozko handian ere iazko desmartxa bera eginen dugula berresten dugu, hau da, euskalduna den ikasleari, nahi badu, ahozko handia euskaraz egiteko aukera eskaintzea». Horrela, azterketa euskaraz egiteko eskubidea bermatuko diete ikasleei. Dei irekia egin dute, ikasle euskaldunek aukera probestu dezaten: «Belarriak prest ditugu, izan zaitez ahobizi!».
Biribiltzeko, Pantxo Etxegaraik baxoan euskararen presentzia normalizatzeko beharrean azpimarra egin zuen. «Gure helburua da azterketan zubi bat eraikitzea gure ikasleen eta euskararen artean, euskarak, irakaskuntza, hezkuntza eta bizi hizkuntza denak, leku naturala atzeman dezan lizeoaren zikloa bururatzen duen azken azterketa horretan», adierazi zuen Etxegaraik.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
